Jaime Murciegok eta Pablo Iraburuk zuzendutako Cholitas (2019) dokumentalak Alpine Club Award saria jaso berri du Cervino Cine Mountain Film Festival jaialdian. 2019ko abenduan Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren azken edizioan jaso zuen Epaimahaiaren Sariari gehituko zaio errekonozimendua.

Filmak mendiko espedizio batera doazen bost emakume indigena boliviarren istorioa du ardatz: Lidia, Liita, Dora, Rlena eta Ceciliarena. Amerikako mendi altuena (Aconcagua) igoko dute beraien soineko tradizionalak daramatzatela. Mendian gora aske, zoriontsu eta bizi sentitzen dira emakume ausart eta inspiragarri hauek, eta tradizioa mantentzen eta naturarekin bat egiten irakatsiko diote publikoari.

2016an, cholita mendizaleen inguruan artikulu bat irakurri ondoren, emakume hauekin kontaktuan jarri zen Jaime Murciego errealizatzailea. Handik gutxira, Boliviara bidaiatzea erabaki zuen. Emakumearen ametsa zen horren alde egin zuen bertan: Aconcagua mendiaren gailurrera iristen lagundu zituen, bidaia guztia grabatu bitartean. Lan mardul horretan, Arena ekoiztetxeko Pablo Iraburu izan zuen bidelagun.

2019ko abenduan ospatutako BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 12. edizioan aurkeztu zuten lana, eta orduan heldu zitzaion lehen arrakasta. Izan ere, filmak epaimahaiaren saria jaso zuen, “ezkutuan dauden gaiak, gainditze eginahalak, eta erronka epiko bat erakusten dituen istorio handi bat delako”. Horren ondorioz, 2020ko urtarrilean hilabete abiatu zuten Mendi Tour ziklo ibiltarian proiektatua izateko hautatutako filmetako bat izan zen ere.

Besteak beste, Japoniako telebista publikoan proiektatu dute lana, eta Buenos Airesko Finca jaialdian zein Trentoko zinema jaialdian ere lehiatu da berriki. Cervinoko mendi zinemagintzari eskainitako mostran egindako agerralditik heldu dira azken berri onak, eta Suizan, Bolivian, Ushuaian eta Buenos Airesko hiriburuan egingo ditu hurrengo saiakerak.

Zorterik onena, bada, lan-talde osoari!