Zineuskadiren lankidetzaz, 255.000 euroko aurrekontua izango duen diru-laguntzen programa bat abiarazi du Eusko Jaurlaritzak: ITXITIK: 7 begirada, 7 erretratu, konfinamendu bakarra. COVID-19ak ekarritako eszenatoki berriak aztertu eta, zehazki, konfinamenduari buruzko zazpi film laburren ekoizpena babestea izango dute helburu.

Ikus-entzunezko sektoreak bizi duen egoera zailaren aurrean, Autonomia gobernuak “ezinbestekotzat” jo du jarduera mota horretako proiektuak lankidetza-prozesuen bidez sustatzea. Eragile nagusien arteko zubiak eraiki eta elkarlana indartzea proposamenaren oinarria, eta, horri esker, Eusko Jaurlaritzaren, Zineuskadiren, EiTBren, Donostia Zinemaldiaren, Zinebiren eta EZAEren inplikazioa izango du deialdiak.

Izan ere, zazpi film laburren ekoizpena sustatuko duen 255.000 €ko dirulaguntza aurrekontu-saila bideratzeaz gainera, Euskadiko A kategoriako zinemaldiek, hala nola Donostiako Zinemaldiak eta ZineBik, beren programazioan deialdi honen bidez eskuratutako film laburrak sartzeko konpromisoa hartuko dute. Horri esker,  lanok EAEko gizartearentzat eskuragarri egotea bermatuko da.

Ekimen hau Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailak osasun-larrialdiaren ondorioen aurrean kulturaren sektorea babesteko ezarri duen 2.645.000 euroko laguntza-poltsatik edango du, eta EAEko ikus-entzunezko sektoreko profesionalei zuzenduta dago. Zazpi film labur ekoiztea da xedea, ondoren, lan konposatu modura, guztiak harilkatzen dituen film luze bat sortzeko. Honela, ikus-entzuleek konfinamenduaren inguruko “zazpi erretratu, zazpi begirada” ezagutzeko aukera izango dute.

Eskaerak aurkezteko epea Zineuskadiren webgunean deialdia argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, ABUZTUAREN 8AN, eta argitaratu eta hamabost egun baliodunera, ABUZTUAREN 28AN, amaituko da.

Ikusi deialdiaren xehetasunak, hemen.