Donostiako Piratek osasun egoera berrira egokitutako ospakizun eguna egingo dute abuztuaren 10ean. Pirata Setioa izendatutako dinamikak egun osoko egitaraua proposatuko du Trinitate Plazan, tartean, Izan Pirata (2013) dokumentalaren proiekzioa.

“Uda berezi honetan, auzokideak eta elkar zaintzea aldarrikatu nahi dugu: arduraz jokatuz eta kontsumo eredutik haratago doan eskaintza bat antolatuz”, adierazi zuten Donostiako Piratak elkartea osatzen duten kofradia desberdinetako ordezkariek atzo prentsaurrean egindako agerraldian. Ez dute jai giro masiborik bultzatuko, baina ez daude prest kaleei, maila lokaleko antolaketari eta beren mugimenduaren balioei uko egiteko.

Abuztuaren 10ean, eguerdiko 12:00etan abiatuko dute Pirata Setioa, haurrei eskainitako ikuskizun batekin. Arratsalde partean, 16:30ean musika emanaldia egingo dute, J Martinaren zuzenekoa, eta 19:00etan bertso musikatuen emanaldi bat izango da. Amaitzeko, 22:00etan, Izan Pirata (2013) dokumentalaren proiekzioa egingo dute.

Izan pirata (2013)

Donostiako Piratak herri mugimendua Udalak antolatzen zuen Aste Nagusiarekin hautsi nahi zuten gazte batzuek sortu zuten. Hitzetatik ekintzetara pasa eta urte askotan programa ofizialaren alternatiba izan den eskaintza antolatu dute. Egun, Udalaren aitortza ere lortu dute.

Ideia batzuetan oinarritzen dute jarduna: jaiak herriarenak dira eta horregatik, herrikoiak eta partehartzaileak behar dute izan, festa euskaldunak nahi dituzte, genero berdintasuna eta ingurugiroa errespetatzen dutenak. Urteetako bideak frogatu du ametsak errealitate bihur daitezkeela, eskuak elkartu eta horren alde urrats sendoak emateko borondatea badago.  Dokumental honekin haien esperientzia azaldu nahi diote Donostiakoa, Euskal Herrikoa edo nonahikoa den eta herri mugimenduetan interesa duen edonori. Nabarmentzekoa da, halaber, Crowdfunding kanpaina bat izan zela ikus-entzutezko honen finantzazio bide bakarra da.

Segurtasun neurriak bermatuz

Emanaldi guztiak segurtasun neurriak bermatuz egingo dituztela azaldu dute, “festa masiboaren” planteamendua ekidin, “arduraz eta errespetuz jokatzeko unea baita. Horregatik, Trinitate Plaza edukiera mugatua izango da, sarrera bidezkoa. Ikuskizunetarako sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dira, donostiakopiratak.eus webgunearen bidez, edo Pandora, Platero, Zulo Zahar eta Belfast tabernetan. Pertsona bakoitzak, gehienez, bost gonbidapen hartzeko aukera izango du, eta gonbidapenak hartzerakoan, izen abizenak eta telefono zenbakia eman beharko dira, ”beharrezkoa balitz, Osakidetzari emateko”.

Datu horiek guztiak hamabost egun igarotzean ezabatuko dira. Bestalde, sarrerak doakoak izango dira, baina egoera berezia denez, borondatea emateko aukera izango da.