Zinemaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek aurten ere, Iruñean. Hilabeteak iraun bitartean, 20 film proiektatuko dituzte aire librean eta doan: bost euskara hutsean izango dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Saio guztiak 22:00etan egingo dituzte, eta gehienez, 150 pertsonentzako edukiera finkatu dute.
Urtero bezala, Iruñeko Udalak ‘Udako zinema gauak’ zikloa jarri du abuztuan martxan, baina koronabirusak baldintzatuta, 2020ko edizioak aldaketak izango ditu. Segurtasun eta babes neurriak bermatzeko asmoz, bost eszenatokitan jarriko dituzte pantailak, eta saioak aire librean izango dira. Edukiera mugatua izango du, hala, saio bakoitzaren arabera, 100 edota 150 eserleku soilik ahalbidetuko dituzte, eta sarbideetan ikus-entzule bakoitzaren datuak hartuko dituzte, behar izanez gero beraiekin harremanetan jartzeko.
Asteko egun bakoitzean saioa espazio eta auzo ezberdin batean izango da: López frontoia Iturraman (astelehenetan), Salestarrak Txantrean (astearteetan), Ezpeletaren jauregiko patioa Alde Zaharrean (asteazkenetan), José Vila ikastetxe publiko ohia Milagrosan (ostegunetan) eta, Mendillorrin (ostiraletan). Hala ere, antolatzaileek ohartarazi dute Mendillorriko programazioa oraindik ere kolokan dagoela.
Saio bakoitzean derrigorrezkoa izango da musukoa jarrita izatea, eta bertaratzen direnek hidrogel-banagailuak izango dituzte eskuak garbitzeko.
Udako zinema gauak egitaraua osatzen duten filmak eta saioak ezagutzeko sakatu hemen.