Zuzendaria:  Joanna Hogg
Urtea: 2013
Herrialdea: Britania Handia

“Zinema britainiarraren sekretu hoberenaren” izenpean ezagutu dugun Joanna Hoggi atzera begirakoa eskaini dio Tabakalerak udan zehar. Unrelated (2007) eta Archipelago (2010) aurkeztu ostean; pasa den igandean, abuztuaren 1ean, zuzendariaren hirugarren lana den Exhibition  egon zen ikusgai. Hoggen filmografiara hurbiltzen gaituen fokua irailaren 5ean amaituko da The Souvenir (2019) obra txalotuarekin, zeinaren bigarren atala, The Souvenir Part II, filmatzeko prozesuan dabilen dagoeneko.

D (Viv Albertine, The Slits punk taldeko partaide ohia) eta H (Liam Gillick artista kontzeptuala) seme-alabarik gabeko bikotea da, diseinuzko etxe zeharo modernoan bizitzen. Aipatzen ez den arrazoiren batengatik, etxea saltzeko erabakia hartu dute; alabaina, D performance artista, ez dirudi H arkitektoa bezain ziur. Erabakiak haien bizimodu bohemioaren antsietate eta beldurrak areagotzen ditu eta hainbatetan babes izan den eraikinetik aldentzenko prozesuan murgilduko da ikuslea, batik bat, Dren kosmobisioari jarraiki.

Elkarrekin bizi badira ere, urruti daude bata besterengandik artista biak. Gela bananduetan lanean, “Do you still love me?” galdetzen diote elkarri interfonoaren bitartez. Plano fisikora jauzi egiten du haien arteko tentsioak laztan hotzetan, isiltasun pisutsuan eta, arrapaladan, eskaileretan gora eta behera dabiltzan pausoetan.

Hain zuzen ere, fisikotasun horixe da nagusi erraietako aferak lantzeko; obra guztiz sentsuala dugu Exhibition.  Besteak beste, etxeko ate mugikor garaiak zein Dren gorputza dira performance ariketa intimo honen agertoki, haragiaren eta diseinu arkitektonikoaren sentsualtasunaren bidez, emakumeak betetzen duen espazioari buruzko hausnarketa proposatzen duena. Blokeo mentalean dirauen Dk kanpoko aldera jotzen du bere barrenak husteko, gorputz-espresioaren artera. Modu analogikoan, kamerak ere kanpoko irudia agortzen du estalduraren azpian dagoen ezinegona azaleratzeko. Hala, etxearen diseinua zein artistaren gorputza elkarlotzen eta nahasten doaz azterketa zorrotzaren gai nagusiak baitira.

Behin filma ikusita, ezin irudika daiteke James Melvin arkitektoak diseinatutako etxea Hoggen pertsonaien joan etorriekin beteta ez bada. Era berean, etxe barruan entzuten diren elkarrizketa hutsalek zentzua galduko lukete pareta koloretsu horiek gabe. Sinbiosi horretan, dir-dir egiten du protagonisten antzezlanak; Hoggen filmografian ohikoa den bezala, aktore profesionalak ez direnak. Albertine eta Gillicken arteko esfortzurik gabeko konplizitateak, altxor bihurtzen du berrogei urteko krisia ukitzen duen obra hau.

Zuzendari garaikideen artean merezi duen izena erdietsiz doa Hogg eta benetan apartekoa da bere begirada dotorearen lekuko izatea. Soilik lau filmekin hizkuntza propioa garatu du emakumeak; intimitatean jaio eta unibertsaltasunera zuzentzen dena.

Beraz, Exhibition ikusteko aukera galdu izan baduzu, egon adi irailaren 5eko hitzorduari; The Souvenir, zinemagilearen azken lanaz gozatu ahal izateko.