Urriaren 15etik 22ra bitartean egingo dute Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia. Hamabigarren edizioa ospatuko du aurten, eta ezagutzera eman dituzte Sail Ofiziala osatuko duten lanak.
KCD GGKEk – Cultura, Comunicación y Desarrollo elkartearen ekimena da Bilboko Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia. Komunikazioa eta Kulturaren bitartez, gizartearen garapena, kulturartekoa eta, oro har, iraunkorra sustatzea du helburu eragileak, eta zinema jaialdia da horretarako darabilen tresna. Aniztasuna zein giza erantzukizuna berezko duten filmak biltzen ditu urtero jaialdiak, zirkuitu komertzialetan nekez ikus daitezkeen izenburuak, alegia, eta lau ardatz tematikoren gainean eraiki dute: garapen iraunkorra, giza eskubideak, kulturartekotasuna eta genero ekitatea.
Martxoan abiatu zituzten hamabigarrena izango den edizioaren prestaketa lanak, Sail Ofiziala osatuko zuten lanak bidaltzeko epea zabaldu zutenean. Munduko edozein herritako lanak galdegin zituzten, nazioa edo jatorria edozein izanik ere, aniztasuna eta gizarte gaiak islatuko zituztenak.
Bada, lanen bidalketa epea amaitu eta guztiak aztertu ostean, iragarri dituzte kategoria ofizialean lehiatzeko aukeratutako filmak. Lau multzo handitan banatu dituzte, edukiaren arabera: Giza Eskubideak, Garapen Iraunkorra, Genero Ekitatea eta Kulturartekotasuna.
Jorratutako gaiaz haratako, hizkuntza aniztasuna izango da nagusi lehiaketan. Horien artean, ondorengoak dira euskaraz sortutakoak:
- MATEOREN AMA (Aitor Arregi,José Mari Goenaga, 2019)
- KURAIOSA (Nora Alberdi Odriozola, 2019)
- MISOPHONIA (2019)
- PASTOREAK (Eukeni Arriortua, 2018)
- JANTZARI: TRADIZIOA ETA PAREKIDETASUNA (Jone Guenetxea eta Carlos Iglesias, 2019)
- EMAKUMEAK ERE (2019)
- INPERFEKZIO GUZTIAK ESTALI (2019)
- NOR NORI NORK (Estibaliz Urresola Solaguren, 2019)
- ANTI (Josu Martinez, 2019)
Ezagutu Sail Ofiziala osatuko duten lan guztiak, hemen.