Mireia Gabilondo zinegile bergararrak Erlauntza-Enjambre filmaren bi bertsio errodatu ditu egunotan. Izen bereko antzerki obran oinarritzen den pelikula euskaraz zein gaztelaniaz filmatzen aritu da bi astez, Fikako (Bizkaia) landetxe batean. 

Hamalau egunetan film beraren bi bertsio, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, errodatzeko erronkari heldu zion Gabilondok uztailean, eta helburua beteta postprodukzio faseari ekingo dio datozen asteetan lan-taldeak. Acrónica eta Tentazioa ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta Kepa Errastik idatzitako Erlauntza (2018) antzerki-lanean dago oinarrituta.

Landetxe batean, ezkondu aurreko agur festa ospatzen ari diren sei emakume izango dira protagonistak, baina dibertimendua bukatuko zaie: tentsioa, sekretuak, elkarri egindako erasoak nabarmenduko dira. Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cózar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz aktoreek haragituko dituzte komedia honetako pertsonaiak, Errastiren obra antzeztu zuten berberek, eta euskarazko zein gaztelaniazko sekuentziak elkarren jarraian errodatu dituzte.

Gabilondok bere kabuz zuzendu duen bigarren film luzea da Erlauntza-Enjambre lana. 2013an, Karmele Jaiok idatzitako izen bereko eleberrian oinarritutako Amaren eskuak zuzendu zuen, baina aurretik, Fernando Bernués zinegilearekin batera sinatu zuen Kutsidazu bidea, Ixabel (2006) komedia.