Espainiako Gobernuko presidentearen ahotsetik heldu zen notizia, konfinamenduaren arintze gradualaren bigarren fasean asebeteko omen genuen gutizia… Normaltasun berria deituriko distopiak itzuli digu, ordea, zinemara joateko aukera eta, orain bai, askeagoak gara.
Etxetik irten ezinean ibili gara denbora luzez, eta sarean bilatu dugu aretoak bezain iluna izan den hutsune hori betetzeko edukia. ‘Zinema kontsumitzeko ohitura berria’ deitu diogu urtean euro gutxi batzuk ordainduta filmak nahieran ikusteko aukera horri. Erosotasuna bilatu dugu ordenagailu parean, eta esperientzia indibidual bilakatu dugu orain arte kolektiboan gozatzen genuen hori. Gizakia erraz moldatzen omen da berritasunera, eta gu ere errazegi moldatu gara aretoak (are gehiago) hustera.
Guztion segurtasunaren izenean, eta beharrezko segurtasun-neurri eta bermeak betetzen zirela ziurtatzeko, irekiera data atzeratzea erabaki zuten Hego Euskal Herriko zinema aretoek, eta su epeleko itzuleraren martxa horretara egokitu ditugu zinemazale donostiarrok gure egutegiak.
Tabakalerako pantaila partekatua izan da goiztiarrena: ekainaren 17tik aurrera berrekin dute programazioa, eta COVID-19 gaitzaren agerpenak eten zituen saioak berreskuratuko dituzte datozen asteetan. 30 emanaldi inguru izango dira, oro har, irailean Donostia Zinemaldiaren olatua heldu bitartekoak. Ezusteko gutxi edukietan: esan bezala, publikoak dagoeneko ezaguna duen programazioa berreskuratuko dute, eta Joanna Hogg zinemagilea protagonista izango duen eta zinema britainiar garaikidea aztertuko duen atzera begirako foku berri bat aurkeztu.
Bestalde, hamabost aste behar izan ditu ‘Gure Donostiak’ mundu mailako euskarazko (aurre)estreinaldi baten plazer galduaz gozatzeko. Giza Eskubideen Zinemaldiaren ahaleginari esker, Antzoki Zaharrak hartu zuen mostra laburraren azken emanaldiaz ari naiz, Bi urte, lau hilabete eta egun bat (2020) dokumentalaren aurkezpen indartsuaz. «Puntualitatea da etika iraultzailearen zutabe nagusienetako bat», Gaizka Aranguren lanaren ekoizle eta protagonistetako baten hitzei erreferentzia eginaz ireki zuen saioa Begoña del Teso aurkezleak, eta hain justu, suitzar erloju baten zehaztasunez itzuli zigun filmak areto baten betekadarekin gozatzeko aukera: puntual, gehien behar genuen unean.
Ordagoa jaurtiz erantzun dio SADEk lehen aldi horri. Zazpigarren arteari omenaldia egin dion Film mitikoen astea zikloarekin zabaldu ditu Donostiako Principe zinema aretoaren ateak eta, ekainaren 26tik uztailaren 2ra bitartean, zaleok pantaila handirako berreskuratutako harribitxiez gozatzeko aukera izan dugu.
Gutxi dakit nik sareak eta teknologiaren garapenak erraztutako zinema-kontsumo esperientzia hori desmitifikatzeko jarraitu beharreko bideaz, baina afizioa sustatzeko eta ofizioa indartzeko Giuseppe Tornatore, Ingmar Bergman, Christopher Nolan bezalako maisuen lanak berreskuratu baina jokaldi hoberik… nekez. Plazera geurea, hainbestetan telebistaren mugekin maitatutako istorio horiek pantaila erraldoiaren zabaleran gozatzeko aukera izan dugulako.
Zinema, terraza batean. Horixe eskainiko dute Kresala Zineklubeko lagunek uztailerako ondutako ziklo berezian. Pandemiak zinemaren sektorean izan duen eraginaz gogoeta egingo dute, garagardo batzuen bueltan solasteak eskaini dezakeen testuinguru informal eta parte-hartzaileenean, eta, ondotik, zinema komertzialaren hegian dauden izenburu erakargarrien proiekzio batek borobilduko ditu saioak. Blue monday gehiagorik ez udan!
Jantzi, bada, ilusioaren soinekoa, berotu krispetak eta paradisu zineman ikusiko gara…