Komunikazio azkar eta eraginkor garaikideari egokitutako filmen erakustaldia da Micro Festival ekitaldia, eta 40 herrialdetik jasotako genero orotariko film laburren programazioa eskainiko du datorren ostegun eta ostiralean, Hondarribian. Kutxabank bidez edota herriko turismo bulegoan eskuratu daitezke sarrerak.

130 film labur, 40 herrialde inguru, 2 egun eta 7 emanaldi. Kontatu nahi dituztenak azaltzeko bi minutu besterik behar ez duten artista sortaren lanen erakustaldia, “eztabaida ireki eta globala”, aurreko belaunaldiek ama lurra kudeatzeko hautatutako modua hizpide. Sozialetik ekologikora, maitasunaren ikuspuntua ere lagun.

Sortu berria izanagatik, ibilbide labur baina oparoa egina duen LETTO sorkuntza-enpresak bultzatutako proiektua da, Marc Esquirol gaztearen gidaritzapean. 3000 lanetik gora aztertu behar izan dituzte, 120 segundutik beherakoak guztiak, behin betiko eskaintza osatuko duten 130 filmak aukeratzeko. Ikuslea ispilu baten aurrean kokatuko duen lan sorta aurkeztuko dute, bizi dugun mundu zaurituaren inguruan hausnartzeko aproposa. Hain zuzen, horietako batzuen zehaztasuna nabarmendu du zuzendariak.

Bada, abuztuaren 6an eta 7an ospatuko dute Micro Festival, Hondarribiako Kasino Zaharrean. Hogei eta hogeita hamar minutu inguruko zazpi saiotan banatuko dute eskaintza: ostegunean animazioa, komedia, maitasuna eta beldurrezko lanak izango dira nagusi, eta ostiralean, aldiz, giza zinema, esperimentala eta dantza.

400 eserleku izango dira, orotara, eta horietarako gonbidapenak Kutxabank bidezko sarrerren salmenta zerbitzuan edota Hondarribia bertako Turismo Bulegoan eskuratu ahalko dira.

Aztertu jaialdiaren edukiak, xehetasunez, hemen.