Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Departamentuak Kultura Eskola katalogorako proposamenak aurkezteko deialdia ireki berri du. Etorkizuna Eraikiz programaren baitako ekimena da, kulturarako sarbide unibertsala sustatzea, gazteen interes sortzailea garatzea, kultura ohiturak sortzea eta Gipuzkoako lurralde historikoko kultura sarea sendotzea helburu duena. Proiektuak aurkezteko azken eguna irailaren 15a izango da.
Kultura Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Kultura Eskolaren katalogorako proiektuak aurkezteko deialdia aurkeztu dute, antzerkiaren, dantzaren, musikaren, arte plastikoen eta ondarearen sektoreetako ordezkariekin eta Tabakalerako zuzendariarekin batera. Azken hori arduratuko da ikus-entzunezkoaren alorrarekiko bitartekaritzaz, 2deo programaren bitartez. Gipuzkoako bigarren hezkuntzako ikastetxeen eskura jartzeko eta, ondoren, hautatutako ekimenak esparru akordio formularen bidez kontratatzeko asmoa dute antolatzaileek, eta katalogoa udazkenean bidaliko zaie ikastetxeei, hainbat irakasgaitako irakasleek baliabide gisa erabil dezaten.
Hala, Kultura Eskolak arte ekintzaren aurrean interesa eta jakin-mina pizten duten bizipenak eta esperientziak eskaini nahi dizkie nerabeei, antzokien, kontzertu aretoen, erakusketen, museoen, hitzaldien eta abarren ohiko programazioan publiko berriak sortzeko. Kultura eta hezkuntza arloko profesionalek erakundeen bitartez bideratutako proposamenak baloratuko dituzte, eta kalitate artistikoaren eta eskola curriculumetan duten kokapenaren araberako hautaketa egingo dute.
Irailaren 15ean amaituko da eskaerak egiteko epea, eta proposatutako programen edota ajrdueren edukia librea izango da, beti ere, bigarren hezkuntzako ikasleentzat baldin bada (12-16 urte bitartekoentzat).
Informazio gehiago, hemen.