Zuzendaria: Jean-Gabriel Périot

Urtea: 2019

Herrialdea: Frantzia

 

-Belaunaldi berri bat jaioko da…-

Bizikleta garbitzen makurtuta dagoen mutila hizketan dago neska batekin. Neskak, eskuartean duen liburuko pasarte bat irakurriko dio lagunari: “Egun ederra izango da. Askatasunaren eguzkiak izarren aristokraziak baino zoriontasun handiagoz berotuko du lurra. Belaunaldi berri bat jaioko da, besarkada askeen artean sortua…”. Aipua Heinrich Heinena da eta eszena Alain Tannerren La Salamandre (1971) filmaren berrinterpretazioa.  

Kutsu pedagogikoa nagusi izateagatik subertsibotik ezer galtzen ez duen obra uztailaren 24an estreinatu zen aretoetan. Pasaden urtean zehar, harrera ezinhobea izan zuen zinemaldi ezberdinetan, Berlinalen CICAE saria eta Bartzelonako L’Alternativan Nazioarteko Film Luze Onenaren Saria eskuratuz. Donostiako Zinemaldian ere, Zabaltegi-Tabakalera sailean, presente egon zen filma. Jean-Gabriel Périot Zinemaldiaren aspaldiko ezaguna dugu, hau baita Donostian aurkezten duen bere laugarren filma.  

Périot zinemagileak eta Paris XVIII distrituaren parte den Ivry-sur-Seine herriko institutuko batxilergoko ikasleen arteko elkarlanaren muina dugu Nos défaites; 68ko maiatzaren inguruan sortutako filmen berrinterpretazioen harira, egungo Frantziako politikaren inguruan hausnartzen duena. Hogei urtez zinema politikoan ibili izan den Périotek “ezezaguna” zirudien horretara hurbildu nahi izan zituen gazteak. Arrazoi horrexegatik proposatu zie gazteei 68ko maiatzaren aldarri eta gertakizunen lanketa, hasiera batean gazteen eguneroko ardura eta interesetatik oso urrun ibiltzeagatik ezezaguna zirudiena ulergarri bihurtzeko. 

Besteen artean, La Chinoise (Jean-Luc Godard, 1967), La Salamandre, Camarades (Mario Monicelli, 1963) edo Á bientôt j’espère (Chris Marker eta Mario Marret, 1968) filmen bertsioak prestatzen dituzte ikasleek, kameraren bi aldeetan lanean. Grebez, klase borrokaz eta langileen eskubideez mintzo dira trebetasun guztiz gaztetxoak, duela berrogeita hamar urte egiten zuten bezalaxe. Grabaketa horien harira, zuzendariak (off-ahots hotzak) antzeztutakoaren zentzuaz galdetzen die ikasleei, bai eta politikarekin lotutako hainbat auzi ezberdinen inguruko haien iritziaz ere. Zuri beltzean ikusitako diskurtso mamitsu eta mezu zurrunak, ordea, sous les pavés geratu omen direla dirudi; antzeztutako begirada zorrotzak barre urduri bihurtzen dira zuzendariaren galderei zer erantzun ez dakitenean. 

“Guda galdu al dugu dagoeneko edo soilik bataila asko?” galdetzen zaio ikusleari filmaren hasiera-hasieran. Bada, Ivry-sur-Seineko ikasleek ezberdintasunez, justiziaz eta etorkizuna aldatzeaz mintzo dira; grebak, ordea, ez dituzte beti zilegi ikusten eta zailtasunak dituzte sindikatu bat zer den azaltzeko. Amildegia dago pertsonaien diskurtsoen eta gazteen benetako iritzien artean; berrogeita hamar urteko sakonera baino ez duen amildegia. 

Maitzaren 68ko idealen porrota aurrez aurre izanda ere, irribarrea piztu daiteke erraz ikuslearengan, gazteen zenbait erantzunen xalotasuna dela eta. Izan ere, berrinterpretazio jokoaz gain, apaltasun ariketa ere badugu filma; nerabeen ezjakintasun goiztiarra nagusitasunik gabe “barkatu” eta diskurtsook haiengan zergatik egin ote duten kale hausnartzera gonbidatzen gaituena. 

Alabaina, Périotekin batera egindako grabaketa lanak amaitu eta sei hilabetera, Ivry-sur-Seineko ikasleak institutuaren blokeoan murgilduta daude, hormak pintatzeagatik atxilotutako bi ikaskiderekin babesean. 2018ko abendua da eta gilets jaunes mugimendua indarrak batzen hasi berri da. Hitz panpoxen beharrik gabe, politika egitera pasa dira gazteak; diskurtsoa ekintza bihurtu dute eta filma aldaketa horrexen lekuko.