COVID-19-ari aurre egiteko neurrien ondorioz, kultur egitasmo guztiak bertan behera geratu dira epe labur eta ertainean. Bada, izandako ondorio esanguratsuei aurre egiteko asmoz, Bilboko Udalak, Arriaga Antzokiaren eta ZINEBI jaialdiaren bidez, #BilbaoAurrera planaren parte izanik, 101.640 euroz hornitutako poltsa iragarri du, eta funtsa, fikzioaz besteko lanak, bideoak eta obrak ekoizteko izango da. Proposamenak helarazteko azken eguna abuztuaren 31 da; ondoen baloratutako 6 proiektuak hautatuko dira.
Proiektuen poltsa honekin, Bilboko Udalak hiriko ikus-entzunezkoen alorreko eta zinemako ekoizpenari lotutako eragileen eta erakundeen arteko sare bat osatu, sustatu, defendatu eta aliantzak areagotu nahi ditu. Bilbon finkatuta dauden ikus-entzunezkoen eta zinemako ekoizpen-etxe eta elkarte profesional guztiek parte hartu ahalko dute, eta eskatzaile bakoitzak gehienez proiektu bat aurkeztu ahalko du. Proposamenek (ez-fikziozkoak izan beharko direnak) hiriaren elementu eta/edo jardueretako batzuk jaso beharko dituzte, eta gehienez 45 minutukoa izan beharko da.
Poltsaren aurrekontua 101.640 eurokoa da guztira, eta gehienez, sei proiektu aukeratuko dituzte abuztuaren 31 baino lehen aurkeztutakoen artean. Hautatutako lan bakoitzak 14.000 euro jasoko ditu (zenbatekoan era guztietako gastuak edo kostuak sartuko dira, BEZa izan ezik, zeina profesional, enpresa edo entitate onuradunari ordainduko baitzaio, dagokion zerga-tasaren arabera).
Proiektuak hautatzeko eskumena izango duen organoa Balorazio Batzordea izango da, Bilboko Udaleko Kultura Saileko Zinegotzia buru izango duena, Bilboko Udaleko Kultura Saileko Zuzendariak eta ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiko Zuzendariak osatuko dute.
Hartutako obra guztiak 2020ko abenduaren 15a baino lehen amaitu eta eman behar dira, eta ezin izango dira aurretik beste jaialdietan edo jendaurrean erakutsitakoak izan.
Kontsultatu oinarri eta baldintza guztiak, hemen.