RTVE taldeko ClanTV kateak Myriam Ballesteros zinegile gasteiztarraren Annie & Carola animaziozko telesailaren ekoizpenean parte hartuko duela jakinarazi du Zineuskadik. Etxeko txikienei eskainitako zazpi proiektu aukeratu dituzte 2020ko deialdian, originaltasuna, berritzaileak izatea eta entretenimendua zein hezkuntzaren balioa goratuz. 

Ikus-entzunezko sektorean ibilbide luzea du gasteiztarrak. Informazio Zientzietan lizentziatu zen, eta animazioa ikasi zuen New York University-n. MB Productiones ekoiztetxea sortu zuen 1993an, eta Memé y el señor Bobo, Lola y Virginia, Sandra, detective de cuentos y Lucky Fred lanak sortu ditu telebistarako. La superrabieta (1993), La leyenda de un hombre malo (1994) y Mi mejor amiga (2018) film laburren egilea ere bada.

Otsailean Bruselasko Animation Co-Production Forum HUB Brussels jardunaldietan parte hartu ostean, Zineuskadik jakinarazi duenez, RTVE taldeko ClanTV kateak Annie & Carola animaziozko telesailaren ekoizpenean parte hartuko du.

11 minututako 52 atalek osatuko dute telesaila, eta zientzia maite duen Carola neskatoaren istorioa kontatuko du. Txema Ociok idatzi du gidoia eta 2D teknika erabiliz gorpuztu dute. 2022an estreinatzea aurreikusten dute. Mondo TV taldea arduratuko da nazioartean proiektua banatzeaz.