Nire gustu zinematografikoak nahiko finkatuta ditut. Estilo zehatz bat atsegin dut, istorio mota konkretu batzuk erakartzen naute eta ohikoa izaten da film bat ikusi baino lehen gustokoa izango dudan edo ez jakitea. Beti dago ezustean hartzen nauen lanen bat; konbentzimendu handirik gabe ikusten ditudan baina zoragarriak iruditzen zaizkidan ikus-entzunezkoak, baina ez da maiz gertatzen.  

Esango nuke denok daukagula guretzat eginak diruditen filmeen checklist-a. Ezaugarri batzuk betetzen dituzten obrak gure katalogoaren parte izatera pasatzen dira. Batzuetan, ordea, gure gustu, estilo eta ezaugarri guztiak hankaz gora jartzen dituzten filmak atsegin ditugu. Lotsarazten gaituzten filmeez ari naiz. Aitorrezinak direnak. Ingeleraz guilty pleasure izenez ezagutzen dira; hau da, asko gustatzen zaizkigun obrak, nahiz eta oso argi izan kalitate ereduetatik (norberak edo industriak ezarritakoak) asko urruntzen direla. 

Telebistarako eginda dauden filmak, normalean bizilaguna edo zaintzailea hiltzaile bihurtzen diren horietakoak; Chuck Norris, Steven Seagal edo Jean-Claude Van Damme protagonista dituzten filmak; AEBetako institutuetan kokatzen diren komedia erromantikoak; istorio bera kontatzen duten eta gehienetan aktore berak dituzten Western-ak; mundu post-apokaliptiko batean kokatzen diren abenturazko filmak; izua baino barrea eragiten duten beldurrezko filmak. 

Oso beharrezkoak iruditzen zaizkit denak. Kalitatezko zinema defendatuko dut beti, baina batzuetan entretenimendu hutsa besterik ez diren film ergelak eskertzen ditut. Niregandik esfortzurik eskatz en ez dutenak. 90 minutu irauten duen garunarentzako oasia. Film hauek arau orokor bilakatzeko arriskua hor badago ere, lotsak alde batera utzi eta gure oasi txikiak aitortzen hasi beharko genuke.