Alarma-egoera amaitu ondoren, eta pandemia areago arinduko denaren esperantzaz, Donostia Zinemaldiak 68. edizioa izango denaren xehetasunak argitzen jarraitzen du. Antolatzaileek aurreratu dutenez, online formatua eta aurrez aurrekoa tartekatuko dituzte. WIP Latam eta WIP Europa programa berriak formula misto batekin egingo dira, eta gainerako jarduerak, online bakarrik.

Donostia Zinemaldiak 2020ko edizioaren antolakuntza aurrera doala baieztatu du. Jaialdiko lantaldea lanean ari da 68. edizioa aurreikusitako egunetan antolatzeko, irailaren 18tik 26ra, betiere agintariek ezarritako eskakizun sanitarioei erantzunez. Helburua ikusleentzat, zinema-industriarentzat eta hedabideentzat ezaguna eta segurua den zinema-jaialdi bat antolatzea da.

Hala, Zinemaldiko zuzendaritzak ekitaldiaren ospakizunean eragin zuzena izango duten zenbait erabaki hartu ditu: formatu mistoan (aurrez aurrekoa eta birtuala) egingo dute WIP Latam eta Europa programa berriek (irailaren 22tik 24ra egingo direnak), baina gainontzekoak online izango dira soilik.

Zinemaldi ezaguterraz eta seguru bat osatzeko asmoz, aurten, bi akreditazio egongo dira zinema-industrian lan egiten duten profesionalentzat: bata online (50 euro), era birtualean programatutako eduki digitalak ikusteko. Bestea, aurrez aurrekoa (90 euro), online akreditazioak eskaintzen duenaz gain, WIP Europa eta WIP Latam sailetako emanaldiak eta Zinemaldiko programazio osoa ikusi ahal izateko.

Horrez gain, ohi bezala, zinema-industriako akreditatuek aukera izango dute Zinemaldiko bideotekako filmak streaming bidez ikusteko. Gainera, Zinemaldiak Kursaaleko egoitzan mantenduko du The Industry Club espazioa, profesionalak biltzeko eta lan egiteko gunea.

Bestalde, Europa-Latinoamerika IX. Koprodukzio Foroa eta Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa online egingo dira soilik. Ikusmira Berriak eta Zinemaldia & Technology, beste zenbait mahai-inguru eta eskola magistralak ere miodu birtualean egingo dituzte.