2019-2020 denboraldian erretiroa hartzea erabaki duen Aritz Aduriz futbol jokalariari buruzko dokumentala emango dute gaur 22:30ean, Euskal Telebistako lehenengo katean. Athletic Club talde bilbotarrean eman ditu bere ibilbide profesionaleko azken urteak, eta 39 urterekin erabaki du futbola uztea.
Aurrelari donostiarra 20 urtez izan da futbol profesionaleko jokalaria, eta aurten esan dio agur Athletic Clubeko ikur bilakatuta. Arrastoa utzi du Adurizek talde bizkaitarrean, baina kamiseta zuri-gorria ez da jantzi duen bakarra.
Valentzian, Mallorcan edota Valladoliden ere aritu da baloiari ostikoka, eta hain zuzen ere hori da Euskal Telebistako kirol erredakzioak prestatu duen Aritz Aduriz: Gogoaren indarra dokumentalak jasoko duena: jokalariaren inguruan sortutako harremanak, taldekideak, izan dituen entrenatzaileak, senideak…
Gaur gauean, 22:30ean estreinatuko dute ikus-entzunezkoa ETB1en, eta eitb.eus atarian ere egongo da ikusgai.