Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute  ikus-entzunezkoak oinarri dituen DA! SORMEN BEKA. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzara ematea da. 2020ko irailaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, itxiko dute lanak aurkezteko epea.

Azken urteetan egin bezala, sormen bekaren deialdia ireki dute Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak. Kultur sorkuntzaren barruan Durangoko Azokak bere baitan hartzen duen egitasmoa da, literatura, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak hartzen dituena.

Aurten, diziplina arteko uztarketarako bidea zabaldu dute antolatzaileek, baina ikus-entzunezkoek izan beharko dute pisu handiena. Hitzak barne dituen sormen lana bada, euskara hutsezkoa izan beharko da.

Sortzaile berriei zuzendutako deialdia da, 18 urtetik gorako herritarrentzat irekitakoa. Beka jasotzen duen proiektuak 1.500 euroko ordainsaria izango du.

Banaka zein taldeka aurkez daitezke lanak, baina bigarren kasu horretan, partaideen 2/3 sortzaile berriak izan behar dira. Baina oinarrietan azaldu bezala, zirkuitu komertzialetan lanen bat zabaldu bada edota ikus-entzunezko jaialdiren baten bere lanen bat saritu badute deialditik kanpo geratuko dira.

2020ko irailaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, itxiko dute lanak aurkezteko epea, eta proposamenak zein dokumentazio osagarria posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera:

  • Eskaera formularioa
  • Sortzailearen edo sortzaileen CVak
  • Proiektuaren memoria
  • Aitortzen dokumentazioa
  • Landu nahi den ikus-entzunezkoaren gidoia, eskaleta edota storyboard-a, eta zehaztuta izanez gero, ekoizpen plana.

Kontsultatu oinarriak, hemen.