Patria telesaila, besteak beste, bertan errodatu ostean, Soraluze berriz bilakatuko da datozen asteetan zinemarako plato. Izan ere, abuztuaren 24tik aurrera Manu Gomez zinegile arrasatearraren Érase una vez… Euskadi pelikula filmatzen hasiko dira.

Debabarrena eskualdean kokatutako herria aukeratu dute La Canica Films ekoiztetxeak eta Manu Gomez zuzendariak abuztuan filmatzen hasiko diren Érase una vez… Euskadi lana testuinguratzeko. RTVE eta EiTBren partaidetza du proiektuak eta zortzi astez luzatuko da zeregina.

Zuzendariak azaldu bezala, “ihes egin behar izan zutenei, geratu zirenei eta, batez ere, 80ko hamarkadan Euskadiko bizikidetzaren normalizazioaren eta integrazioaren alde borrokatzen elkarrekin bizitzen ikasi zutenei buruzko” fikziozko istorioa kontatuko du filmak, kutsu autobiografikoa ere baduena.

Yon Gonzalez aktore bergararra izango du pelikulak protagonista, eta berarekin batera parte hartuko dute Pilar Gomez, Luis Callejo, Marian Alvarez, Rafa Martin, Ruth Diaz, Aron Piper, Fernando Soto, Vicente Romero, Maria Isasi eta Maria Alfonsa Rossok. Mutiko protagonistak, berriz, Asier Flores, Aitor Calderon, Miguel Rivera eta Hugo Garcia izango dira.

Herriko kale zein etxe edota lokal barnealdeak erabiliko ditu lan-taldeak errodajean, eta zereginak iraun bitartean herriko ohiko jardunean eragin zuzena izango du.

Aurretik ere Soraluze plato bihurtu izana da, izan ere, HBO kateak irailean estreinatuko duen Patria telesaileko zenbait irudi bertan hartu zituzten iragan urtean.