Donostia Zinemaldiak jakinarazi berri duenez, Willem Dafoe aktore estatubatuarra izango da 68. edizioko protagonista nagusia. Lau aldiz izendatu dute Oscar saria irabazteko eta 2005ean Donostia saria jaso zuen. Aurten, irailaren 18tik 26ra egingo duten Zinemaldiko kartel ofizialeko irudia izateko aukeratu du Donostiako Patio estudioak.
2018az geroztik, argazki eta marrazkiek uztartutako diseinuek osatu dituzte Donostia Zinemaldiko kartel ofizialak. Isabelle Huppert eta Penélope Cruz izan dira azken protagonistak TGA estudioen sorkuntzetan, baina aurten Patio komunikazio-taldeak hartu du ardura. Martin Schoeller argazkilariaren irudi batean oinarrituta, “Zinemaldiko aspaldiko laguna den” Willem Dafoek loratuko du 68. edizioa. “Ohorea da Zinemaldiarentzat munduko aktorerik onenetako batek, zeinarekin urte askoan begikotasunezko harremana izan dugun, Donostia Zinemaldiaren 68. edizioaren irudia izatea onartu izana”, adierazi du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak.
Antolatzaileek aurreratu duenez, aktoreak printzipioz ezin izango du Donostiara etorri, izan ere, data horietan errodaje batean parte hartu behar du. Hala ere, “gerta liteke COVID-19a dela eta errodajea bertan behera geratzea, eta Zinemaldira etortzeko aukera izatea”. Dafoe lau aldiz izan da Oscar saria irabazteko hautagai, eta hirutan izan du Urrezko Globoa irabazteko aukera. Gainera, Donostia saria jaso zuen 2005ean, bere ibilbidearen aitortza gisa. Besteak beste, honako zinemagile hauekin lan egin du: Michael Cimino, Martin Scorsese, Oliver Stone, John Waters, Paul Schrader, David Lynch, Alan Parker, Abel Ferrara, Lars Von Trier, Wes Anderson, Sam Raimi, Sean Baker eta Robert Eggers.
Patio estudioaren diseinuak
68. edizioko kartelak Patio estudio donostiarraren esku egon dira, baina aurretik ere Zinemaldiarekin izan dira elkarlanean. Izan ere, 2006ko 54. ekitaldian Ernst Lubitschi eskainitako atzera begirako saileko kartela diseinatu zuen.
Motibo organiko eta begetalek osatzen dituzte sail ezberdinetako irudiak, eta lorategia izan dute abiapuntu, era guztietako lore, sentipen eta usainak iradokiz: “Oso lorategi bizia da, lore handiekin, film handiekin, baina baita handi bilaka daitezkeen film txikiekin ere”.