Zuzendaria: Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi

Urtea: 2019

Herrialdea: Euskal Herria

 

-Korterraza film laburren jaialdia-

Uztailaren 8tik 11ra ospatu da aurten Korterraza film laburren jaialdia Gasteizen. Doinu erlaxatua eta familiarteko giroa nagusi izan dira lau egunetan zehar, hiriko uda kaxkarrak ere zapuztu ezin izan duena. Konfinamendu garaiz geroztik, gonbidatutako zuzendari askorentzat hauxe izan da haien lanak “haragizko” publikoaren aurrean aurkezteko lehen aukera.  Era berean, ekitaldiak jasotako harrera primerakoa izanda, sortzaileen zein jaialdiaren antolatzaileen ahotan franko entzun izan da “mirari” hitza.  

Gasteizko erakustaldiak fikziozko 58 lan internazional aurkeztu izan ditu Iparraldeko Parkeko frontoira hurbildu diren kurioso edota zale guztien aurrean. Proiekziorako pantaila erraldoiaz gain, frontoiak lau kontzertu ezberdin ere gorde izan ditu, jaialdiaren programazioaren parte zirenak. Edizio berezi samar hau burututzat jo badezakegu ere, ez dezagun ahaztu jaialdia ez dela guztiz amaitu; izan ere, hurrengo hilabeteetan zehar Arabako herrietan zehar ibiliko dira bidaian Gasteizen ikusitako zenbait film labur, erakustaldia zabalduz. 

Jaialdiaren atal ofizialaren tituluen artean, euskarazko bi lan egon dira ikusgarri; bi-biak distira berezidunak: Mirokutana (2019) eta Mateoren ama (2019). Lehenak, izen bereko produkzioek sortua, gaztaroaren eta fantasiaren mugei buruz hausnartuko du, bi lagunek elkarrekin pasako duten azken eguneko barrabaskerien harira. Bigarrena, Handia (2017) edo La trinchera infinita (2019) film sarituen sortzaileen azken lana dugu, gertukoa bezain asaldagarria. 

Iban Zalduak idatzitako Ama ipuinean oinarrituta sortzen da Mateoren ama; 2019an zehar Donostiako Zinemaldiko Zinemira  atalean edo Zinebi jaialdian aurkeztua izan ondoren, publiko gasteiztarrak ere, azkenean, dastatu ahal izan duena. Aitor Arregi zuzendaria bertan egon zen jaialdiaren azken egunean, bere lanaren aurkezpen txikia egin ahal izateko. Filmaren harira,  memoriaren izaera bi noranzkoduna azpimarratu nahi izan zuen Arregik: gogoratzea eta gogoratuak izatea, hain zuzen ere. 

Izan ere, parametro horiexen artean laburbildu daiteke obra. Agure egoitza batean bizi den amaz ez da asko oritzen Anjel Mari semea; alabaina, azkenik amari bisita egiten dionean, hark ez du semea ezagutuko. Lehen hurbilketan guztiz errealista dirudien obra fantasian murgiltzen da azkar, zer-demontre-da-ikusi-berri-dudanaren sentsazio aberasgarria piztuz ikuslearengan. Anbiguetatean mugitzen da narrazioa.

Lanaren oinarrian dagoen ideia sinplea badirudi ere, anbiguotasunean mugitzen da narrazioa, ezustez betetako istorio interesgarria lortuz 15 minutu eskasetan. Hasiera-hasieratik ikuslea harrapatzea lortzen dute  Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoagaren interpretazio sendo eta hunkigarriek. “80 egunean” Goenagaren zuzendaritzapean dagoeneko egondako bi emakumeek bizia ematen diote, dudarik gabe, filmari. Bestalde, aipatzekoa da ere Javi Agirreren argazkilaritza lan txukuna, egoitzaren lau paretetatik atera gabe, memoriaren bazterretan barrena bidaia ahalbidetzeagatik.  

Jaialdiaren azken egunean aditzera eman zenez, Moriarti Produkzioak taldeko kideen lanak epaimahairen bigarren saria eskuratu zuen; podiuma Un coche cualquiera (2019) obra fin arabarrarekin partekatuz. Lehen saria Javier Marcoren A la cara (2020) kitzikagarriak irabazi zuen, Hanekeren zinemarekin alderaketa ere jaso izan zuena. Bere aldetik, publikoaren bozka gehien jaso zituen lana Saber perder (2019)zan zen, aitona-amonei azken agurra emateari buruzko kontakizun hunkigarri bezain pertsonala.