Ikus-entzunezko edukiak sortu, ekoitzi eta garatzen dituen UniKo ekoiztetxe bilbotarraren Homeless Home lanak Pixelatl 2020 nazioarteko jaialdian parte hartuko du. Hala, 2D teknika erabiliz Alverto Vázquezek sortu duen animaziozko film laburra Chinelo 2020 saria eskuratzeko lehiatuko da film laburrei eskainitako sail ofizialean.
Pixelatl jaialdia Latinoamerikako sortzaileen eta animazio, komiki eta bideojokoen industria globalen arteko topagune nagusia bihurtu da. Ikus-entzunezko arlo guztietako sortzaile, exekutibo eta zaleei dei egiten die bost egunez, ezagutzen eta esperientzien trukea sustatzeko, sortzen ari diren proiektuak ezagutarazteko, nazioarteko lankidetza-sare bat eraikitzeko, publiko berriak sortzeko eta komunitate-espiritu bat osatzeko.
Irailaren 1etik 5era bitartean egingo dute 2020ko edizioa, COVID-19aren pandemiak eraginda, online bidez. Film laburren sail ofiziala 18 herrialdetako 28 lanek osatuko dute, eta bertan izango da Alberto Vázquezek zinegileak eta UNIKO ekoiztetxe bilbotarrak elkarlanean sortu duten Homeless Home lana. Erdi Aroko testuinguruan gertatzen den fantasiazko istorio sozial eta existentziala da, eta Annecyko Epaimahaiaren Saria eskuratu berri du iragan ekainean, nazioarteko animazio jaialdiak banatzen duen errekonozimendu nagusienetarikoa. Lehen euskal film laburra izan da saria jasotzen.