Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioa taldeak elkarlanean sortutako Erraiak (2018) lana film labur dokumental onena izendatu dute VI. Montevideo World Film Festivalean. Uztailaren 9tik 11ra egin dute jaialdia, eta beste bost ekoizpenekin batera lehiatu da sail ofizialean.

Kobazuloetatik datorkigun oihua da, entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza, erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna. Orain, baina, Euskal Herriko mugak zeharkatu eta gaiari buruz inoiz egin den lehen ikus-entzunezkoa uztailaren 9tik 11ra Uruguaiko hiriburuan egin duten zinema jaialdian lehiatu da, eta bere saileko errekonozimendu gorena jaso du.

Ikus-entzuleek irrintzia gure artean noiztik dagoen eta XXI. mendean oraindik ere bizirik jarraitzen duen ezagutzeko aukera izango dute jardunarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzen bitartez. “Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?”.

Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz, Erraiak dokumentalak irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa proposatuko du. Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioa taldeak elkarlanean egindako proiektua da, ordu erdi pasatxo irauten duena, eta euskara hutsean filmatutakoa. 2019an programatutako aurkezpen biran 35 emanaldi eta 4000 ikusletik gora izan zituen, eta 2020an dagoeneko Zinemaldia.cat euskal zinema jaialdian parte hartu du.