Korterraza film laburren jaialdiaren 11. edizioko sari nagusia, Álex Angulo Saria, Javier Marco zinegileak zuzendutako A la cara lanak jaso du. Lau egunez, 56 film labur proiektatu dituzte COVID-19 birusak baldintzatutako ezohiko ekitaldian, eta datozen egunetan Arabako herrietan zehar egongo dira ikusgai. 

Gasteizko Artium zentroan zen ospatzekoa Korterraza film laburren jaialdiaren 11. edizioa, baina koronabirusak eraginda, toki aldaketa adostu dute antolatzaileek eta Iparraldeko Parkean egin dute, uztailaren 8tik 11ra bitartean, frontoi irekian. 56 film labur eta sei kontzertuk osatu dute aurtengo egitaraua, eta dagoeneko ezagutu dugu epaimahaikideen ebazpena.

2020ko edizioko film labur irabazlea Javier Marco zinegileak zuzendutako A la cara izan da. Sonia Almarcha eta Manolo Solo aktoreek parte hartu dute lanean, eta sare sozialetako gehiegikerien gaia jorratu du pixkanaka-pixkanaka argituz doan dramaren baten bidez. Bigarren lan onenari eman ohi dioten Keler Saria, bestalde, David P. Sañudo bilbotarraren Un coche cualquiera film laburrak eta Aitor Arregik Jose Mari Goenagarekin elkarlanean zuzendutako Mateoren ama lanak partekatu dute, ex aequo. LLuís Margarit kataluniarraren Calvario ekoizpena izendatu dute komedia onena.

11. Korterraza film laburren jaialdiko epaimahaia Marisa Crespo eta Moisés Romerak, zein Teresa Bellón eta Césa F. Calvillok osatu dute. Guztiek proiektatutako lanen kalitatea azpimarratu nahi izan dute, saridunak aukeratzeko zailtasunak izan dituztela nabarmenduz.

Segurtasun-neurriak jarraituz, edukiera mugatua izan du aurtengo ekitaldiak, hala, herritar orok film laburren jaialdiaz goza dezan, egun batez luzatu dute: uztailaren 8an hasita, espazio irekian eta 12×8 metrotako pantaila erraldoian proiektatu dituzte lanak, bost sailetan sailkatutakoak. datozen egunetan, Korterraza Araba 2020 zinema saio ibiltariari ekingo diote, eta Gasteizen ikusitako lan onenak herriz herri proiektatuko dituzte.