Euskal zineman erreferentziazko profesionala bilakatu den Pascal Gaigne soinu banden konpositore frantziarra omenduko du Alacanteko zinema jaialdiak. Izan ere, ‘Música para la Imagen’ saria emango diotela jakinarazi dute antolatzaileek.
Azken zazpi urteetan egin bezala, sorkuntza zinematografikoetan musikak duen garrantzia aldarrikatzeko errekonozimendu berezia banatuko dute aurten 17. edizioa beteko duen Alacanteko zinema jaialdian. Urriaren 17tik 24ra ospatuko dute, eta itxiera galan jasoko du konpositore frantziarrak aitortza. Gala Alacanteko Antzoki Nagusian egingo dute, eta Gaignek aurreratu du hil berri den Ennio Morricone italiarrari eskainiko diola ‘Música para la Imagen’ saria.
Pauko Unibertsitatean eta Tolosako (Frantzia) Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen musika Gaignek, eta hainbat diziplinatan lan egin du ordutik: zineman, antzerkian, musika klasikoan… Guztira, ehun soinu banda baino gehiago sortu ditu, euskal zinemaren konposatzailerik emankorrenetako batean bilakatuz.
2012ko Verbo, 2015eko Loreak eta 2017ko El olivo filmengatik Estatuko Zinema Akademiak ematen duen aitorpen berezia eskuratzeko hautagai izan da, eta orain, Handia filmerako sortutako soinu bandagatik Goya saria eskuratu zuen. 2018an, Donostiako SADE enpresak SADE saria ere eman zion.
Nazioarteko beste aintzatespen garrantzitsu asko lortu ditu frantziarrak: Buenos Aireseko zinema jaialdiko Urrezko Pentagrama El otro barrio (2000) filmerako sortutako musikarengatik, Europako Zinema Konpositore Elkarteen Federazioak emandako Europako Soinu Banda Onenaren saria Azul oscuro casi negro (2006) pelikularako egindako lanarengatik, eta bi Zilarrezko Biznaga Malagako zinema jaialdian: 20 centímetros (2005) eta Plan de fuga (2016) ekoizpenetarako idatzitako partiturengatik. Gainera, besteak beste, Victor Erice, Daniel Sánchez Arévalo, Icíar Bollaín, Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Pablo Laso eta Montxo Armendariz zuzendarientzako lan egin du.