Hernaniko Chillida Leku museoak filmen proiekzioak gehituko ditu bere udako programaziora. Uztailaren 16, 17, 18 eta 19an egingo dituzte saioak, A Contracorriente Films ekoiztetxearen bidez hitzartutako genero independenteko zenbait filmekin.

Zentro hernaniarrak azaldutakoaren arabera, ekimenak zinema arteaz eta naturaz zipriztindutako testuinguruan gozatzeko aukera emango dio publikoari. Esperientzia honi esker, ohiko ordutegitik kanpo, ilunabarrean, ikusi ahal izango da museoa, eskulturek tonalitate berezi bat dutenean. Bada, 19:00etatik aurrera zabalduko dituzte ateak, eta 22:00ak inguruko hasiko dituzte proiekzioak. Bitartean, museoaren eskaintzarekin gozatzeaz gain,  Lurra Café tabernan afaltzeko aukera izango du publikoak. Halaber, azaldu dute hamaka eta aulkiak banatuko dituztela, publikoaren erosotasun handiagorako

Lehenbiziko aldiz, A Contracorriente Films zinema-banatzaile eta ekoizlearekin egindako elkarlanaren fruitu da egitasmoa. Zinema europarra eta independentea jorratzen duten lanak dira enpresak nagusiki mugitzen dituenak, eta horien aukeraketa bat ikusteko aukera izango da Chillida Lekun:

  • Uztailaren 16a: La lista de los deseos (Álvaro Díaz Lorenzo, 2020)
  • Uztailaren 17a: Los profesores de Saint-Denis / La vie scolaire (Mehdi Idir eta Grand Corps Malade, 2019)
  • Uztailaren 18a: Especiales / Hors normes (Eric Toledano eta Olivier Nakache, 2019)
  • Uztailaren 19a: Pequeñas mentiras para estar juntos / Nous finirons ensemble (Guillaume Canet, 2019)

Erosi saio bakoitzerako sarrerak, hemen.