Covid-19 gaitzaren agerpenaren ondoriozko ia hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren, pelikula eta publizitate iragarkien filmaketak pixkanaka itzultzen ari dira gurera, normaltsun berriari egokitzeko saiakeran. Horiekin batera, bere jarduna berreskuratu du ere San Sebastian- Gipuzkoa Film Comission bulego teknikoak.

Foru Aldundiko Kultura Departamentuko diputatuak, Harkaitz Millanek, honela adierazi zuen berriki egindako adierazpen batzuetan: “Oso berri ona da filmaketak Gipuzkoara itzultzea hainbat hilabeteko etenaldiaren ondoren. Sektorea berpiztea izango da helburu nagusietako bat. Gainera, gure lurraldea zinema plato paregabea da, kostaldea eta barnealdea elkartzen dituena, ondare naturala, kulturala eta industriala, hiri espazio izugarri ederrak eta, batez ere, edonolako proiekturen beharrei erantzuteko prest dagoen giza kapital oso kualifikatuta”.

Hainbat dira azken asteetan berrartu eta amaitu dituzten errodajeak, tartean, Ilargi guztiak (Igor Lejarreta) filma edo El internado: las cumbres telesail proiektua. Bulego teknikoaren arduradunen arabera, “garrantzitsua da” sektorea berriro martxan jarri, eta normaltasun berria deritzoten hori berrestea. Izan ere, geroz eta gehiago dira Gipuzkoako txoko ezberdinak plato gisa erabiltzeko hautatzen dituzten ekoizle eta zuzendariak, eta bertako enpresa askok egiten dituzte irabaziak negozio horretatik: “Datu gisa aipa daiteke, pasa den urtean, produkzio hauek 10 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortu zutela Gipuzkoan”.

Bada, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionetik jada abian jarri dituzte jarduerari berrekingo dioten produkzioei zein proiektuak orain hasten ari diren eta egoera berrira egokitu behar duten produkzio berriei arreta emateko tresna guztiak. Berriz ere martxan jarri eta amaitu den lehen filmaketa Igor Legarretaren Ilargi Guztiak pelikularena izan da. Honela ere, Legarretaren bigarren film luzea izan da berrogeialdiaren ondoren estatu osoan amaitu den lehena.

Mutrikuko udalerrian (Gipuzkoa) hasi zuten errodajea otsailaren 17an, eta lau astez aritu ziren lanean martxoaren 13ko alarma egoeraren ondoriozko etenaldira arte. Ekainaren 1ean berrekin zioten eta beste hiru astez aritu ziren, ekainaren 20ra arte. Denbora horretan zehar, filmaketa eremurako sarbidea produkziorako ezinbestekoak ziren pertsonetara mugatuta egon da, momentu oro segurtasun protokoloak mantenduz.

Berraktibatu egin den beste filmaketa bat izan da Globomedia eta AtresMedia Studios-ek produzitzen duten eta Amazon Prime-en eskainiko den ‘El Internado: las Cumbres’ telesailarena. Filmaketa martxoaren hasieran jarri zen abian, ekainaren amaieran ekin diote berriro eta abuztuaren amaierara arte luzatuko da Gipuzkoako hainbat udalerritan, besteak beste Donostian. Gainera, SSGIFilmComission Gipuzkoan filmatzea aurreikusi duen pelikula estatubatuar baten, dokumental baten, telebista programa baten eta publizitate iragarki baten filmaketa beharretarako arreta eskaintzen ari da.