Martxoan egitekoak ziren aurkezpen handia bertan behera utzi behar izan eta gero, Maider Fernandez Iriarteren lehen film luzea gaur iritsiko da Espainiar lurraldeko zinema aretoetara. Las letras de Jordi (2019) pelikula Madrilen, Bartzelonan, Elxen eta Valentzian estreinatuko du zinegile donostiarrak. Euskal Herriko zinema-aretoetan, aldiz, uztailaren 17an egongo da ikusgai.

Iragan martxoaren 13an ziren egitekoak, baina, COVID-19 gaitzaren agerpenaren aurrean, arduraz jokatu eta bertan behera uztea erabaki zuten estreinaldia. Sr. & Sra ekoiztetxeak produzitu du zinemagile donostiarraren proiektua, eta estatu mailako zein nazioarteko jaialdietan aritu da lehian. Gaurtik aurrera, Madrilen, Bartzelonan, Elxen eta Valentzian egongo da ikusgai Márgenes Distribución banatzailearen eskutik. Euskal Herriko zinema aretoetara, ostera, datorren asteburuan iritsiko da, uztailaren 17an.

Donostia Zinemaldiko Ikusmira Berriak programaren hirugarren edizioan parte hartu zuen Fernandez Iriartek 2017an, eta bertan garatu zuen Las letras de Jordi proiektua. Iaz, New Directors sailean lehiatu zen filma jaialdi donostiarrean (irakurri ZINEAn publikatu genuen filmaren kritika hemen).

Dokumentalak 51 urteko Jordirekin sortu duen harremana aztertuko du. Jordi garun-paralisiarekin jaio zen, eta kartoizko taula baten bidez komunikatzen dira biak. Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuen 21 urterekin, baina orain ez du haren presentzia sentitzen, eta bere hausnarketak konpartituko ditu Fernandez Iriarterekin.

Zuzendari donostiarrak Gizarte Hezkuntza ikasi zuen UPV/EHUn, Telebista eta Zinema Errealizazioa ESCIVIn eta Sorkuntza Dokumentalen Masterra UPFn. Bere lanak aitortza izan dute hainbat jaialdi eta arte gunetan, horietako batzuk Las Chicas de Pasaik-eko taldearen partaide bezala. Zuzendari izateaz gain, zinemarekin lotura duten hezkuntza proiektuetan parte hartzen du, adibidez Cinema en curs, Drac Màgic ikus-entzunezko kooperatibarekin elkarlanak egiten dtu, edo besteak beste, zuzendaritza eta gidoigintzako irakasle da Sorkuntza Dokumentalen Teoria eta Praktika Masterrean, UAB-n.