Uztailaren 9etik irailaren 3ra bitartean udako zikloa egingo dute Bilboko Golem zinemetan. Jatorrizko hizkuntzan eta azpitituluekin eskainiko dituzte filmak, eta sarrera bakoitzak 5 euro balio ditu (4,80 euro online erosiz gero). Iruñeko Golem Yamaguchi zinemetan, aldiz, zikloa abuztuaren 28an bukatuko dute.

Uda garai bete-betean sartuta, Azkuna Zentroan eta Iruñeko Yamaguchin egoitza duten Golem aretoetan zinemaz gozatzeko aukera egongo da beste urte batez. Azken urteotako egile-zinemako film esanguratsuenak programatuko dituzte, ikus-entzuleek pantaila handian ikus ditzaten, eta berriz ere, hiru hilabete luzez etenda egon den praktika berreskuratzeko asmoz.

Filmak zinema aretoetan ikusi behar direla aldarrikatzeko, nazioartean oihartzuna izan duten 22 proposamen eskainiko dituzte gaurtik hasi eta irailaren 3ra arte Bilboko Udako Golem zikloan. Zinema jaialdietan sariak jaso dituzten lanak, film independenteak, Luis Eduardo Aute musikari hilberriari eskainitako dokumental musikal bat… estilo, genero eta estetika orok izango du tokia, eta munduko txoko guztietatik ekarritakoak izango dira: Pablo Larrainen Ema (2019), Céline Sciammaren Portrait de la jeune fille en feu (2019), Hirokazu Koreedaren La vérité (2019), Diao Yinan txinatarraren Nan Fang Che Zhan De Ju Hui (2019), Melina Matsoukasen Queen & Slim (2019), Robert Eggersen The Lighthouse (2019) edota Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren El hoyo (2019).  

Egunero hiru saio izango dituzte, eta ostegunetan ZINEMATEKA saila berreskuratuko dute Azkuna Zentroaren hamargarren urteurrena ospatzeko. Hamar urte, hamaika ikusteko izenez, Golem banatzailearen zortzi lan emango dituzte, Michael Haneke, Aki Kaurismäki, François Ozon edota Asghar Farhadik zuzendutakoak. Ikusi egitaraua, hemen.

Udako zikloa, Iruñean

Yamaguchi zinemetan. Azken urtean kritika onak jaso dituzten 24 film emango dituzte orotara, hamahiru herrialdetatik etorritakoak, tartean, dokumental indartsuak, jaialdietan saritutako lanak, zinema independentearen etiketa duten harribitxiak, eta askoz gehiago.

Film bakoitza sei egunez programatuko dute, eta ohiko eskaintzaz gain, zineman ikusten zailak diren lanez gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Ikusi egitaraua, hemen.