Zinemari buruzko solasaldiek girotuko dituzte Donostian uztaileko astelehenak. Uztailaren 6an, astelehenean, abiatu zuen Kresala Zineklubak uda sasoirako atondu duen programazio berezia: Nolako eragina izan du pandemiak zinemaren industrian? Esther Cabero (Kimuak), Jara Ayucar (Zineuskadi) eta Ekain Albite (zinemagilea, ‘HAIZEAREN EGIA’) elkartu zituzten, eta ordubete luzez aritu ziren, beren esperientzia propioa oinarri, solasean.
Zein egoeratan utzi du COVID-19aren agerpenak zinemagintzaren industria? Nola egin aurre pandemiak marraztutako normaltasun berriari? Martxan dira merkatuak? Finantzazioa sustatu eta laguntzeko deialdiak? Konfinamenduak gelditu al du sormena? Zein da proiektu berrien egoera? Noiz aurkeztuko dituzte itxialdiak bertan behera utzitako estreinaldiak?
Modu dinamiko, kolektibo eta parte hartzailean bilatu genien erantzuna galdera guzti horiei. Trago baten bueltan, mokadutxoa afaltzeko aukerarekin, ideia berriak partekatzeko une atsegina izan genuen. Ondoren, A King in New York (Charles Chaplin, 1957) bereziaren emanaldia. Goxo. Zinema esperientzia kolektiboa delako, zer bestela.
Eta datozen bi astelehenetarako zer? Ikusle eta programatzaileak izango dira beren esperientzia, iritzi eta usteak partekatzeko abagunea izango dutenak. Batetik, Itxialdia eta ikusleak: Iraultza ekarriko al du covid19-ak zinea ikusteko moduan? mahai ingurua egingo dute uztailaren 13an. El Contraplano aldizkariko kideak izango dira hizlari eta protagonistak, eta, ondoren, Sex, Lies and Videotape (Steven Soderbergh, 1989) filmaz gozatzeko aukera izango da. SOLD-OUT kartela zintzilikatuko dute bigarrenez.
Bestetik, hilaren 20an, Itxialdia eta programatzaileak: Nolakoa izango da “normaltasun berria” zine aretoetan? Izango dute aztergai, eta Iñaki Elorza (SADE), Jon Paul Arroyo (Bang Bang Zinema) eta Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia) programatzaileen parte-hartzea izango dute horretarako. Upstream colour (Shane Carruth, 2013) filmaren estreinaldi orokorrak borobilduko du saioa.
Izaskun Montes Kresala Zineklubeko kidearekin elkartu ginen lehenengo saioaren atarian, eta haren hitzetan ezagutu genuen prestatutako egitarauaren berezitasuna: