Ignacio Arakistain, 2020ko uztaila

.

“Ni, Ennio Morricone, hil egin naiz”. Horrela hasten omen zen joan den astelehenean zendu zen maisu italiarrak bere agurra adierazteko idatzi zuen gutuna. Agur xumea berau, azken ohar horretan adierazten zen moduan, foku mediatikorik ez baitzuen nahi bere heriotzaren bueltan. Ugariak izan dira azken egunotan hirurogei urtez burmuinean iltzatuak ditugun hainbat melodia eder sortzeaz arduratu den konposatzaile trebeak jaso dituen goratzeak eta omenaldiak. Nire idatzi xume honetan, ordea, Morriconeren bi ezaugarri azpimarratu nahiko nituzke. Bata, bere ibilbide artistikoan mantendu duen dignitatea eta bere leit motiv ideiarekiko atxikimendua.

Diodan moduan eta artistak berak eskainitako azken elkarrizketetako batean aitortzen zuen bezala, ez zaio batere erraza egin beroni askotan bigarren mailako musikatzat joa izan den industria horri zerbait duina eskaintzea. Ez baitzuen inor desengainatu nahi, ez bere burua, ez bere publiko fidela eta ezta bere notak ordaintzen zituen edonor ere, mundutik at egon ohi den artista autonomoaren profila ez baita izan inondik inora ere Erroman jaiotako musikari apartarena. Alderantziz, bere musikak inoiz dotorezia zein orkestrazio fin eta landuaren marka galdu ez dituen arren, erabat iritsi da ikuslegoaren bihotzera, tinpano eta bitarteko entzungailu guztiak aise zeharkatuz.

Bere bertute handienetako bat, orekarena izan da. Inoiz ez zen Hollywoodeko erritmo frenetikoaz eta bertoko merkantilismo aseezinaz kutsatu. Abiadura horretan, gehienetan presaka sortu beharreko produktuak ez baitzuen inoiz Morriconeren akabera finaren filosofiarekin bat egiten. Pelikulak barnean zeraman errelatua indartzeko sortzen zuen musika beronek, irudi horiei gaur egun desitsatsi ezin zaizkien kontakizun sonoroak sortuz. Horren erakusle dira, Cinema Paradiso (1988) film italiar ospetsurako sortutako musika malenkoniatsu, oroitarazle eta liluragarria edota The Haitful Eight (2015) Tarantinoren western bortitzerako sortutako soinu gaitzesgarriz eta ziztatzailez ondutako soinu banda.

Sergio Leoneren westernetan erabilitako txistuak edota The Mission (1986) filmeko oboearen melodiak, Wagnerrek bere arte lan totaletan behin eta berriz aipatu ohi zuen leit motivaren ideia atzeman daiteke. Ikusleari arkuz jaurtitako gezi gogoangarriak dira berauek, beronengan zauri sakon bat eragiten dutenak. Izan ere, belaunaldiz belaunaldi erreproduzituko diren bi edo hiru minutu hauek beren sorburu diren irudiak erabat gainditzen dituzte, guztion bizitzak soinean daraman soinu bandaren parte izatera iritsiz. Horixe izan da maisu handi honen meriturik gorenena, bera ezagutuko ez dutenei opari handi bat uztea oinordetzan, bere musika eta bere esentzia, kredituetan bere zigilua daramaten pelikula horietatik at doan edertasun hilezkorra.