Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Artium Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoak ‘Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko’ erakusketa aurkeztuko dute irailaren 9an. Donostia Zinemaldiaren 1977ko edizioan ardaztuko da, alegia, zinema-jaialdiaren kudeaketa Donostiako hiriari eskualdatu ondoren egin zen lehendabizikoa.

Bilduma oso bat, errotiko aldaketa ekarri zuen edizioaren berri emateko. Trantsizioaren lehen urte haietan, Donostia Zinemaldiaren eraldaketaren abiapuntua izan zen 25. edizioa, zinema- eta politika-esperimentazioko laborategi bihurtu baitzen, gizarte-borroka handiko garaia izanik. Bada, garaiko artxiboko materialak egongo dira ikusgai, asko inoiz ezagutzera eman gabeak, tartean, gutunak, argazkiak eta aldizkariak.

Ekimena Artium Museoaren Bildumaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal herrian 1977-2002 aldian erakusketarekin lotuta dago eta Zinemaldiak eta EQZEk bultzatzen duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren parte da. Pablo La Parra Pérez erakusketaren komisario eta Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) ikerketa-saileko arduradunaren hitzetan, «1977. urtean, Donostia Zinemaldiak 25 urte bete zituen, baina edizio hura urteurrena bainoago borrokarako gunea izan zen: hiriak aurrenekoz kudeatu zuen jaialdia, eta aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu zen, zinema-jaialdi demokratiko berri bat sortzeko».

Hala, mostrak segida emango dio La Parrak berak izenburu berarekin 2019ko abenduaren 7an Tabakaleran antolatu zuen ekitaldi publikoari. Bertan, Vivian Ostrovsky zinemagile estatubatuarrak eta Donostiako Emakumeen Batzarreko kide ohi batzuek gogora ekarri zuten Zinemaldiak 1978an antolatu zuen emakumezkoen zinemari buruzko zikloa.

Donostia Zinemaldiaren artxiboa
Ekimenak agerian jartzen du 1953az geroztik Zinemaldiaren artxiboan gorde diren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta aipamenak egunkari eta aldizkarietan, liburuak, etab.). Helburu nagusia da hausnarketa bat piztea Zinemaldiaren iragan, orain eta etorkizunaren inguruan, bai eta zinema-sorkuntzarekin eta pentsamendu garaikidearekin kritikoak diren elkarrizketa batzuk bultzatzea ere.

Proiektu honetarako, Zinemaldiaren artxiboko material guztiak Tabakalerara eramango dira eta, bertan, aztertu, prestatu eta katalogatu egingo dituzte, Euskadiko Filmategiaren instalazioetan ondo kontserbatuko direla bermatzeko. Aurreikusi dutenaren arabera, 2022an artxiboan kontsultak online nahiz aurrez aurre egiteko aukera eskainiko zaio publikoari, eduki digitalizatuen bilduma baten bidez. Funtsen kontsultaren parte izango dira, gainera, foku tematiko batzuk, EQZEko graduondoko ikasle talde batek eginiko ikerketa batean oinarritutakoak.

Ikerketaren fokuetan arreta bereziz landuko dira Zinemaldiaren historiako pasarte ezezagun edo argitaratu gabeak. 2022ra arte, emaitzak ezagutzera emateko, aldibereko eta elkarrekin lotutako bi lan-ildo planteatu dira. Alde batetik, ikerketa espezializatuko materiala sortuko da (artikulu akademikoak, kongresuetarako aurkezpenak, argitaratzeko proiektu propioak, mintegiak, etab.), zinema-ikasketen alor akademikoko azken garapenekiko elkarrizketa kritiko bat sustatzeko. Bestalde, ekitaldi publikoak egingo dira (hitzaldiak, erakusketak eta ikastaroak), publiko zabalagotara bideratutakoak, esaterako, Artiumeko erakusketa, EQZEko ikerketa-taldeak 2018-2019 ikasturtean egindako ikerketaren emaitzetako batzuk biltzen dituena.