Zinemaren historiako soinu bandak jazz musikarekin uztartuko dituzte uztailaren 10ean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. Voces de cine izena jasoko duen kontzertuan, Ainhoa Zubillaga, Mikel Andueza eta Iñaki Salvador musikariek interpretatuko dituzte XX. mendeko film klasikoen abestiak.

Bilboko Udalak 2020ko ezohiko uda berezi honetarako 150 ekimen inguru iragarri ditu. Hala, bizilagunek osasun-protokoloak zorrotz bete beharko badituzte ere, aisialdi zein kultura jarduerez gozatzeko aukera izango dute. Urtero bezala, Bidebarrieta Kulturguneak #BilbaoUda2020 programan parte hartuko du, eta astean, gutxienez, bi saio proposatuko dituzte. 

Zinema emanaldirik aurreikusi ez badute ere, film klasikoak eta jazz musika lotzen dituen kontzertua eskainiko dute Ainhoa Zubillaga mezzo-sopranoak, Mikel Andueza  saxofoi-joleak eta Iñaki Salvador pianistak uztailaren 10ean. Voces de cine izenpean, saioa 19:00etan hasiko da, eta XX. mendeko soinu banda ederrenek interpretatuko dituzte. 

Besteak beste, The Wizard of Oz (Victor Fleming, 1939), Some Like It Hot (Billy Wilder, 1959), Breakfast at Tiffany’s (Blake Edwards, 1961) eta Chicago (Rob Marshall, 2002) filmetako musika egongo da entzungai. Gainera, kontzertuak Ennio Morricone gogoratzeko aukera emango du The Mission (Roland Joffé, 1986) edo Nuovo Cinema Paradiso (Giuseppe Tornatore, 1988) filmen abestien interpretazioarekin.

Voces de cine kontzerturako sarrerak www.bilbaokultura.eus webgunean daude salgai, bost euro ordainduz.