Espainiar estatuko ikus-entzunezko ekoizpenari buruz hausnartzeko jardunaldiak egingo dituzte uztailaren 15etik 17ra bitartean, Tuteran. Zinema zein telesaien industriako profresionalak, kazetari espezializatuak eta ikasleak batuko dira datorren denboraldiko proiektuak, tendentziak eta berrikuntzak eztabaidatzeko asmoz. 

Espainiako Informatzaile zinematografikoen Elkarteak hirugarren urtez antolatu du Lo Que Viene topaketa, baina aurtengoa ekitaldi berezia izango da. Ohi bezala, etorkizun hurbileko espainiar ikus-entzunezko sektorea aztertuko dute klase magistral, mahai-inguru eta aurkezpenez osatuko egitarauaren barnean. Saio guztiak aurrez aurrekoak izango dira, baina ezohiko neurri gisa, online ere emango dituzte. Zuzeneko emanaldiak ikusi ahal izateko interesatuek ekimenaren webgunean duten formularioa bete beharko dute, eta antolatzaileek erraztuko dizkieten prozedurei esker jarraitu ahal izango dituzte hizketaldiak. 

Aurtengo ekitaldian, tarte zabala izango du koronabirusaren pandemiak eragindako egoerak, hala, CAA, Donostia Zinemaldia, Sevillako zinema jaialdia, Filmin, BTeam, Avalon, Vaca Films, Morena Films, Grup Balaña edota AISFGE ekoiztetxe zein erakundeetako ordezkariek hartuko dute hitza COVID-19ren krisiari aurre egiteko gakoak eta sektorearen berreraikitzea edota online bidezko zinema jaialdiekin bizikidetza analizatuz.

Horrez gain, 2020ko udan estreinatuko diren Amor en polvo (Suso Imbernón, Juanjo Moscardó Rius, 2019), Blanco en blanco (Theo Court, 2019) eta Uno para todos (David Ilundain, 2020) filmen aurrestreinaldiak egingo dituzte, sortzaileekin solasaldiak atonduz; industriako profesionalek ikasleei zuzendutako klase magistralak emango dituzte; eta telebista kate nagusiek eskuartean dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte. 

Tuteran egingo duten Lo Que Viene topaketako jarduera guztiak segurtasun eta babes-neurriak betez gauzatuko dituztela adierazi dute antolatzaileek, protokolo guztiak ere jarraituz.

Informazio osotua eta egitaraua, hemen.