Zuzendaria: Mateo Bendesky
Urtea: 2019
Herrialdea:  Argentina
 

-Mundua zer ote?-

Amak bere buruaz beste egin eta gero, kostaldera bidaiatuko dute Lucas (Tomas Wicz) eta Gilda (Laila Maltz) anai-arrebek, zendutakoaren azken nahiaren arabera, gorpuzkiak itsasora botatzeko. Amaz jaso izan duten bakarra, ordea, bere esku prostetikoa da, olatuei egindako eskaintza makabroa bihurtuko dena. Errituala burututa, baina, ezin izango dira etxera itzuli, bat-batean antolatutako autobus greba bat dela eta.

Hala, bata bestearentzat arrotz eta baliabide handirik gabe, kostaldeko herrixkan harrapatuta aurkitzen dute haien burua nerabeek. Familiak alokatzen zuen oporretako etxean, berriz elkar ezagutzeko parada izango dute Lucas isilak eta Gilda mistikoak. Arrebak desintoxikazio klinikan pasatako denboraren berri izango du Lucasek eta, bere partez, hark bere fitness obsesioaren eta sexualitatearen piztearen lekuko egingo du arreba. Behe lainoaz eta kolore hotzez osatutako paisaiaren gainean joango dira, filmean zehar, bi protagonisten izaerak margotzen; bai amaren heriotzak utzitako lekua zein berehalakoa dirudien helduen mundurako jauzia nola kudeatu asmatuz doazela.

Mateo Bendesky zuzendariak aitortzen duen bezalaxe, lanbroaren artean dabiltzan esploratzaileen tankera hartzen dute anai-arrebek; nora doazen zehazki ez badakiten arren, konbentzimenduz beteta aurrerantz jotzen dutenak.  Doluaren eta nerabezaroaren gaiei modu eder bezain errealistan heltzen zaie, onirikotik asko duen lanak sinesgarritasunik gal ez dezan.  Hau ez dugu, izan ere, ohiko coming of age filma. Haien buruak ulertu ezinean, mundua zer ote den igarri nahian ibiliko dira gazteak; tarota, ametsak edo konspirazio teoriak, naturaz gaindikoak badu lekurik hondartza hauetan.

Haurtzaroko ametsen eta heldutasuneko beldurren arteko linboa dugu nerabezaroa, dena eta ezer ez posible diruditen garaia. Nerabezaroa den muga horixe, indeterminazio hutsa, gorpuztu egiten da itsas ondoko herrian; linbo modukoak, benetako espazio fisikoa lortzen du filmean. Kostaldeko linboa betetzen duen lanbroarekin nahasten dira Lucas eta Gilda, bahitu dituen lurraldean bertan indar osoz eztanda eginez.

Filmaren hasierak mila aldiz erabiliak izanagatik ahituak diruditen gaia eta formak gogora ekartzen badizkigu ere, azkar hartzen du erritmoa obrak, narrazioaren doinu arinari eta pertsonaien xarma bereziari esker. Era berean, harreman konplexuen garapenak eta umore ukitu burutsuek laguntzen dute gris koloreko linbo honetan ikuslea murgiltzen. Aipatzekoa da ere argazkigintza lan trebea, simetria bilatzen duena (desorekaren artean oreka puntua bilatuz akaso?) hainbat planotan.

Soilik Portugalete, Bilbao eta Gasteizko zinema aretoetan  ikusgarri egongo bada ere, ez ezazue galdu udako egunetarako aukera paregabe hau, freskagarri bezain gozagarria!