Bilboko Fas Zineklubak aurrez aurreko saioak berreskuratuko ditu gaur, El Carmen aretoan. Kristina Zoritak zuzendutako Pil pil (2019) film laburra eta The Adventures of Prince Achmed (Lotte Reiniger, 1926) film mutu alemaniarra proiektatuko dituzte 19:45etik aurrera, eta azken honi Josetxo Fernández de Ortega Jaureguik jarriko dio pianoarekin musika, zuzenean.
Martxoko egitaraua bertan behera utzi behar izan zuten Bilboko Fas zineklubeko kideek, eta apirileko lehen asteak ere emanaldirik eskaini gabe igaro zituzten. Hala ere, koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldiari aurre egiteko prest azaldu eta asteartero streaming bidezko saioak antolatzen aritu dira azken hilabeteetan. Gaur, aldiz, aurrez aurre batuko dira berriz ohiko egoitza duten El Carmen aretoan.
Segurtasun-neurri zorrotzak eta babes-protokoloak jarraituz, edukieraren erdia baino ez dute ahalbidetuko, eta hitzordura gerturatzeko beharrezkoa izango da musukoa eramatea. Sarrera aldez aurretik eskatu beharko dute interesatuek info@cineclubfas.com helbide elektronikora idatziz, eta behin aretora iritsita, gel hidroalkolikoa eman beharko dute eskuetan.
Saioari hasiera emateko Kristina Zorita kazetari eta ziengileak zuzendutako, eta Izar Filmsek ekoiztutako, Pil pil film laburra emango dute. Jarraian Josetxo Fernández de Ortega Jauregui pianojole donostiarrak The Adventures of Prince Achmed film mutu alemaniarrari musika jarriko dio zuzenean: Kalifa handiaren urtebetetzea ospatuko duten egunean, sorgin boteretsu bat agertuko da hirian, eta bere lan miragarria aurkeztuko du, airean hegan egin dezakeen zaldia. Kalifak kosta ala kosta eduki nahi izango du zaldi magiko hori.
19:45ean finkatu dute antolatzaileek hitzordua El Carmen aretoan, eta emanaldiaren ostean, Zoritak berak gidatuko duen solasaldiaren txanda izango da.