Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioa taldeak elkarlanean sortutako Erraiak (2018) filma VI. Montevideo World Film Festivaleko sail ofizialean lehiatuko da. Uztailaren 9tik 11ra egingo dute jaialdia, eta film labur dokumentalei eskainitako atalean egongo da ikusgai beste bost lanekin batera.

Kobazuloetatik datorkigun oihua da, entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza, erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna. Orain, baina, Euskal Herriko mugak zeharkatzeko prest azalduko da, gaiari buruz inoiz egin den lehen ikus-entzunezkoak Uruguaiko hiriburuko zinema jaialdian parte hartuko baitu. Uztailaren 9tik 11ra egingo duten VI. Montevideo World Film Festivaleko sail ofizialean lehiatuko da.

Ikus-entzuleek irrintzia gure artean noiztik dagoen eta XXI. mendean oraindik ere bizirik jarraitzen duen ezagutzeko aukera izango dute jardunarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzen bitartez. “Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?”.

Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz, Erraiak dokumentalak irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa proposatuko du. Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioa taldeak elkarlanean egindako proiektua da, ordu erdi pasatxo irauten duena, eta euskara hutsean filmatutakoa. 2019an programatutako aurkezpen biran 35 emanaldi eta 4000 ikusletik gora izan zituen, eta 2020an dagoeneko Zinemaldia.cat euskal zinema jaialdian parte hartu du.