Cholitas (2019) dokumentalak Trentoko zinema jaialdian parte hartuko du. Mendia eta abentura lotzen dituen nazioarteko hitzordu zaharrena da Italian egin ohi dutena, eta 68. edizioko sail ofizialean lehiatuko da abuztu bukaeran Jaime Murciego eta Pablo Iraburuk zuzendutako lana.

Filmak mendiko espedizio batera doazen bost emakume indigena boliviarren istorioa du ardatz: Lidia, Liita, Dora, Rlena eta Ceciliarena. Amerikako mendi altuena (Aconcagua) igoko dute beraien soineko tradizionalak daramatzatela. Mendian gora aske, zoriontsu eta bizi sentitzen dira emakume ausart eta inspiragarri hauek, eta tradizioa mantentzen eta naturarekin bat egiten irakatsiko diote publikoari.

2016an, cholita mendizaleen inguruan artikulu bat irakurri ondoren, emakume hauekin kontaktuan jarri zen Jaime Murciego errealizatzailea. Handik gutxira, Boliviara bidaiatzea erabaki zuen. Emakumearen ametsa zen horren alde egin zuen bertan: Aconcagua mendiaren gailurrera iristen lagundu zituen, bidaia guztia grabatu bitartean. Lan mardul horretan, Arena ekoiztetxeko Pablo Iraburu izan zuen bidelagun.

Filmak epaimahaiaren saria jaso zuen 2019ko abenduan ospatutako BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 12. edizioan, “ezkutuan dauden gaiak, gainditze eginahalak, eta erronka epiko bat erakusten dituen istorio handi bat delako”. Hargatik, hilabete amaieran abiatu zuten Mendi Tour ziklo ibiltarian parte hartu du, eta besteak beste, Japoniako telebista publikoan proiektatzeaz gain, Buenos Airesko Finca zinema jaialdian ere lehiatu da.

Orain, mendia eta abentura uztartzen dituen nazioarteko zinema jaialdi zahar eta garrantzitsuenean parte hartuko du abuztuaren 27tik irailaren 2ra bitartean, Trenton (Italia). Emanaldiak aurrez aurre egiteaz gain, filmak online ere emango dituzte koronabirusaren krisiaren eraginez. Cholitas beste 24 ekoizpenekin ariko da Genziane d’Oro saria eskuratzeko lehian, sail nagusian.