Iragan ekainaren 30 itxi genuen ZINEAko I. Film Laburren Lehiaketara lanak aurkezteko epea. COVID-19 gaitzaren agerpenak behartutako konfinamenduak ez du sormena apaldu, eta 37 gidoi jaso ditugu orotara. Ederra izan da istorio guzti horietan murgiltzea.

Ohikoa da komunikabide batek bere lanaren muinaren alde ahaleginak egitea: talentu berriak zein zinema egiteko modu berriak bultzatzea, eta lengoaia zinematografiko berriak lantzen dituzten egileak bilatzea, euskarazko zinemaren bilakaeran aurrerapauso bat emateko.  ZINEAn horren alde aritu gara beti lanean.

Sektorearen egunerokoak lehen lerrotik bizi ditugulako, badakigu hamaika direla film bukatuak saritzen dituzten jaialdiak. Gutxi dira, ordea, egilea bere lehen urratsetan laguntzen duten deialdiak. Talentu berrien lana sustatzeko ahaleginak merezi zuela pentsatzeak bultzatu gintuen lehiaketa sortzera: ikusgaitasuna eman nahi diegu aukera baten bila dabiltzan edota euren ideia aurrera eraman ahal izateko bultzada bat behar duten gazteei.

Film laburren egoera hobetzen lagundu nahi dugu, eta hori dela eta, irabazleari ordainsaria (800€) emateaz gainera, konpromisoa hartu genuen hautatutako gidoiaren filmaketarako finantzaketa zein giza baliabideak bilatzeko ere.

Proposamenak jasotzeko deialdia martxoan zabaldu genuen, , eta ekainaren 30a arte egongo da zabalik. 18 eta 30 urte bitarteko parte hartzaileak bilatu ditugu,  lanerako hizkuntza euskara zutenak. Hau da, euskaraz aurkeztu behar zuten gidoia, eta, lehiaketa irabaziz gero, konpromisoa hartuko dute ere proiektua euskaraz filmatzeko.

Iragan ostiraletik aurrera, beraz, lanean dira gure epaimahaikideak, eta hilabete amaieran ezagutuko dugu proiektu irabazlearen izena. Lehengo edizio honetarako, sektorearen hiru adarrak ordezkatuko dituzten profesionalak jarri ditugu lanean: Izaskun Arandia, ekoizlea; Euskadiko Filmategiko Esther Cabero, erakundea; eta Ekain Albite zinemagile hasi berria, sormena.

Eskerrak ematea besterik ez dugu gure ekimenak izandako harrera bikainagatik eta, zuetako askok, gurekin izan dituzuen hitz ederrengatik. Oso berri positiboa izan da 37 talentu berriren lanak ezagutzea; afizioaz gain, ofizioa ere badela ikustea; eta, noski, ahaleginak merezi izan duela ikustea.

Bihotzez, eskerrik asko.