NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko dute aurten Meliton Estudioen, La Caixa taldearen gizarte ekintzaren eta Caja Navarra Fundazioaren ekimenez. 2020ko irailaren 3tik 5era egingo dute jaialdia eta Mexikorekin egindako koprodukzioen inguruko mahai-inguruak osatuko du egitaraua.

Zinegileak, artistak, kazetariak eta jorratuko dituzten arloetako profesionalak elkartuko dituzte sail ofiziala osatuko duten filmetan mintzo diren gaiak oinarri izango dituzten solasaldietan. Helburua, ikus-entzuleengan hausnarketa sortzea eta istorioak pantailatik haratago eramatea dela diote antolatzaileek. Hala, herritarren partaidetza bultzatu nahi dute, adituekin hartu-emana izan dezaten.

Besteak betse, ezgaitasuna, feminismoa, migrazioa, osasun mentala, animazioa eta LGTBI+ gaiak izango dituzte hizpide, eta orain, antolatzaileek Mexikorekin elkarlanean mahai-inguruak egitaraua osatuko duela adierazi dute. Arturo Cisneros, Inti Cordera, Mintxo Díaz eta Amaya Muruzábal ariko dira hizketan.

CLANVA taldeko gerentea da Arturo Cisneros. Nazioartean, eta batez ere, Latinoamerikan esperientzia duen kultura-ekintzailea da, zenbait film zuzendu eta ekoiztu ditu: El Olvido de la Memoria, Bagdad Rap, Mami, ¡ya sé dónde está el dinero! edota The Astronaut.

Inti Cordera La Maroma ekoiztetxearen sortzailea da, dokumentalgintzan espezializatuta dagoena. Horrez gain, Mexiko Hiriko Nazioarteko Zinema Dokumentalaren jaialdiko zuzendaria ere bada.

The Maus, Letters to Paul Morrisey, Basque Selfie, Las Ninfas del Celuloide eta Shooting for Mirza filmak ekoitzi ditu Mintxo Diazek Dynamite Films zigilupean, eta guztira, bere lanek 150 sari baino gehiago jaso dituzte nazioartean.

Amaya Muruzabal Ikus-entzunezko Komunikazioa alorrean doktorea da, eta gidoigintzan aditua. 2018an geroztik Dopamine ekoiztetxe mexikarreko zuzendaria da.