COVID-19 gaitzaren agerpenak eragindako osasun-krisialdia dela-eta, Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XVI. edizioa modu birtualean ospatzeko erabakia hartu dute arduradunek. 2020ko irailaren 22an, 23an, 24an eta 25ean izango da, Donostiako 68. Zinemaldiaren esparruan.

Dokumental bat aurkeztu nahi duten, eta harentzako Europako koprodukzioaren bila dabiltzan produktore independenteei dago zuzenduta deialdia. Foroa elkargunea izango da, sektorean diharduten profesionalentzako topagunea. Proiektu dokumentalen finantzatzaile izan daitezkeenak eta zinematografiaren sektoreko aditu zein profesionalak ezagutzera emateko plaza, hain zuzen ere.

Inskribatutako proiektu guztietatik hamalau hautatuko dira finantzatzaile potentzialei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei aurkezteko, Pitching aurkezpenak egiteko, tailerretan parte hartzeko eta mundu osoko ekoizleekin banakako bilerak egiteko. Tailerretan, hain zuzen, pitching aurkezpenak nola egin ikasiko dute parte hartzaileek, bi egun geroago izango duten aurkezpenera prest iristeko. Bertan, euren proiektua ezagutaraziko diete industriako profesional eta produktoreei, eta haiek gustuko badituzte, beren babesa emango diete.

Formatu berriari esker, oztopo fisikoak ezabatuko dira, eta ohiko aditu panela zabaltzeko aukera izango da. Gainera, hautatutako proiektuak, banaketako eta festibaletako aholkularitzaren Treeline saria lortzeko lehiatuko dira. Proiektuaren 2 aholkularitza-saiotan datza sari hori; lehenengo saioa dokumentalaren garapen-fasean izango da, eta bigarrena, berriz, dokumentala amaitutakoan.

Horrez gain,  IBAIAk, jarduera honen antolatzailea izaki, IBAIA saria emango du laugarren aldiz, 3.000 euro ekoizlearentzat. Kasu horretan, Commissioning Editors Panelak egingo ditu epai-lanak, eta Panelak berak aukeratuko du proiektu irabazlea, aurkezpena, originaltasuna, tratamendua eta zabalkunde-indarra balioetsita.

Uztailaren 15era arte, foroaren webgunearen bitartez izango dute aukera dokumental-ekoizleek beren proiektuak online inskribatzeko. Parte hartzaile guztiei jakinaraziko zaie ebazpena, uztailaren amaieran.

Deialdiari eta inskripzio-prozesuari buruzko informazio guztia, hemen.