Musikari, eta hain zuzen ere, soinu bandak konposatzeari eskaini dio Ennio Morriconek (Erroma, Italia, 1928ko azaroaren 10a) bere ibilbide profesional ia guztia (500dik gora sortu ditu). 2019an esan zion 60 urte luzeko jardunari agur, eta 91 urterekin hil berri da. Besteak beste, Euskal Herrian izan genuen maiatzean, Barakaldoko BEC pabiloian.

XX. mendeko bigarren zatiko melodia esanguratsuenen eta goraipatuenen sortzailea izan da Morricone, eta berandu (oso berandu) eman zion Hollywoodeko Akademiak horrenbeste urtez italiarraren zaleek eskatzen zuten estatuatxo preziatua (2015ean Quentin Tarantinok zuzendutako The Hateful Eightfilmeko musika sortzeagatik); aurretik bost hautagaitza izan eta ibilbideari errekonozimendua egin zioten, eta aurten, Arteen Asturiasko Printzesa saria jasotzekoa zen John Williams estatubatuarrarekin batera. Hala ere, sariek baino, bere sorkuntzek utzitako ondareak bihurtu du Morricone hilezkor.

Soinuei eta horiek interpretatuko zituzten instrumentistei garrantzia emanez, bere konposaketak urgentzia estetiko bati emandako ebazpen iraultzaileak izan dira 1961ean Luciano Salceren Il federale filmeko partitura sinatu zuenetik. Ordura arte zenbait kolaborazio eginak zituen. Zinema zuzendari askorekin egin du lan, eta zenbatezinak dira haientzako egindako maisulanak, bostehundik gora, erraz identifikatzen direnak. Ez soilik irudiekin sintonizatzeko ahalmen magikoa dutelako, baizik eta entzuterakoan melodiek barrenak mugiarazten dizkigutelako.

Sergio Leone auzokidearen (txikitan eskola berdinean ikasi zuten) western manieristek jarri zuten Morricone lehen lerroan, izan ere, ezin hobeto konpondu ziren elkarrekin. “Sergiok beste zinegileek baino arreta handiagoa eskaintzen zion musikari, pasarteak sostengatzeko estruktura arkitektonikoa izango balitz bezala baloratzen zuen musika”, aitortu zion Morriconek Alessandro De Rosa musikariari Inseguendo quel suono. La mia musica, la mia vita elkarrizketa liburuan. Gitarra elektrikoak, harmonikak, onomatopeiak, giza-txistua… ordura arteko soinu bandetan erabili ere egiten ez ziren soinu eta melodiak izan dira garai hartan bere esperimentazio musikaletan erabili zituen baliabideak, beti ere, pertsonaientzako leitmotiv bereziak sortuz: “Niretzako garrantzitsuena pertsonaiak dira, beraien psikologia. Beraien pentsamendu eta jokabideak ezagutzeko balio du musikak”.

Jakina da pelikularen gidoia eskuetan zuela lan egin duela konposatzaile erromatarrak gehienetan, are gehiago, hala exijitzen zien zinegileei, eta primeran ulertu zuen Leonek hasiera hasieratik ere. Ondorioa? 60ko hamarkadako spaghetti westernetako soinu bandak eta horien aplikazioa pistoleroen arteko dueluetan. Nola ahaztu, adibidez, Michele Lacerenzaren tronpetak musikatutako For a Few Dollars More (1965), The Good, the Bad and the Ugly (1966), edota Once upon a time in the West (1968) pelikulako azken sekuentzia gogoangarriak? Zer esanik ez (azken film honetan ere) Bruno Battisti D’Amarioren gitarra elektrikoak mcbaintarren erailketa osteko isiltasuna hausteko duen indarraz: Henry Fondak haragitutako gaizkile maltzurraren aurpegia lehenengoz erakusten digunean ikus-entzuleok pertsonaia horrekiko gorrotoa sentitzen dugu. Edota Edda Dell’Orsoren ahots maitekorra Jill (Claudia Cardinale) herriko tren geltokira iritsi, inor zain ez duela konturatu eta Monument Valley zeharkatuz Sweetwater etxolarako bidea hartzen duenekoa.

Gerora, Giuseppe Tornatore siziliarraren maisulan nostalgikoetan aurkitu du Morriconek babesa: La leggenda del pianista sull’oceano (1998), Malena (2000), Baarìa-La porta del vento (2009), La migliore offerta (2013), La corrispondenza (2016), eta nola ez, zinemaren historia zentsuratutako musuen bitartez kontatzen duen Nuovo Cinema Paradiso (1988) filmetan. Aurten gainera, Tornatorek Morricone eta bere arteari buruzko dokumental bat aurkeztuko du, Ennio: The Maestro. Zain gaude, ikusteko gogoz. Beste konposizio ahaztezin batzuk: The Mission (1986), The Untouchables (1987), Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto (1970), Novecento (1976) -Bernardo Bertolucci zuzendaria txundituta gelditu zen bere herrikideak filmerako sortutako musikarekin, eta zera esan zuen, ”zinemaren historiako ereserkirik ederrenetako bat” konposatu zuela- eta beste hainbeste…

 “Musikak ikusten ez dena erakusten du, esaten dena kontraesan dezake edo, alderantziz, irudiak erakusten ez duen zerbait kontatu […] Musika lagungarria izan behar da filmaren zentzua argitzeko, bai kontzeptuen aldetik eta baita sentimenduen aldetik ere […] are gehiago, musikak, Pasolinik idatzi zuen bezala, kontzeptu bat sentimenduz betetzen du, baina sentimendu bat kontzeptualizatzen laguntzen du ere”.