Alarma-egoera amaitu ondoren, eta pandemia areago arinduko denaren esperantzaz, Donostia Zinemaldiak 68. Edizioa izango denaren xehetasunak argitu ditu. Baztertu egin du lehiaketa ez egitea, baina baita azken urteetako ildoa jarraituko duen edizio estandar bat antolatzea ere.

Donostia Zinemaldiak 2020ko edizioa ospatuko du. Jaialdiko lantaldea lanean ari da 68. edizioa aurreikusitako egunetan antolatzeko, irailaren 18tik 26ra, betiere agintariek ezarritako eskakizun sanitarioei erantzunez. Helburua ikusleentzat, zinema-industriarentzat eta hedabideentzat ezaguna eta segurua den zinema-jaialdi bat antolatzea da.

Hala, Zinemaldiko zuzendaritzak ekitaldiaren ospakizunean eragin zuzena izango duten zenbait erabaki hartu ditu: proiekzio kopurua murriztea (% 30 gutxiago), jarduera batzuk online egitea (Koprodukzio Foroa, Zinemaldia & Technology, mahai-inguruak eta eskola magistralak) eta formatu mistoa (aurrez aurrekoa eta birtuala) WIP Latam eta Europa programa berrientzat eta baita Ikusmira Berriak ekimenarentzat ere.

Horrez gain, Zinemaldiak alde batera utziko ditu bere ohiko egoitzetako batzuk: batetik, Belodromoa; bertan, goizez, ikastetxeentzako proiekzioak antolatzen ziren, Donostia International Physics Centerrekin batera (aurten, salbuespen gisa, online egingo dira), baita Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zinema-musikako kontzertua eta publiko zabalarentzako film ezagunen proiekzioak ere; eta, bestetik, San Telmo Museoa, Koprodukzio Foroaren egoitza.

Halaber, 2021. urtera atzeratu da Koreako 50eko eta 60ko hamarkadetako zinemari buruzko atzera begirakoa, eta aurten ez da Klasikoak sailaren emanaldirik egingo.

Pandemiaren bilakaerak zehaztuko du jaialdiaren behin betiko itxura, baina aurreikusi dute jaialdiak aurrez aurreko saioen bidez gauzatuko duela bere gainerako programazioa: Sail Ofizialeko lehiaketa, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi – Tabakalera, Perlak eta Nest; Culinary Zinema saileko filmak, afari tematikoek lagunduta; Zinemira, Made in Spain eta Haur Zinemako emanaldiak asteburuetan.