Ostiral honetatik aurrera, Boonie Bears: Abentura historiaurrean filma berreskuratuko du Donostiako Principe aretoak bere karteldegian. Zineuskadiren ‘Zinema Euskaraz’ programaren bidez 2020an euskaraz eskainiko duten bigarren filma da honakoa.
Leon Ding zuzendari txinatarraren film honetan, Vick egurgilea eta hartzak iraganean harrapatuta geratuko dira, pizti erraldoi gosetiz inguratuta. Istorioko heroiak banandu egingo dira, eta Briar hartzak Fefei izeneko otso gazte batekin egingo du topo oihanaren erdian. Bramble eta Vick, berriz, gizakien tribu batek bahituko ditu, eta haien liderra zeharo maiteminduko da Vickerekin. Abentura zirraragarri honetan, berriro elkartzen eta etxera itzultzen saiatuko dira, iraganean betirako geratu baino lehen.
Boonie Bears: Abentura historiaurrean otsailaren 28an estreinatuko zen Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, baina COVID-19aren agerpenak areto guztien programazioa etetera behartu zuen. Lau hilabeteren bueltan izango dugu aukera, bigarrenez, filmaz gozatzeko.
Zinema euskaraz
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bitartez kudeatutako programa arrakastatsua da Zinema Euskaraz, eta 2020an ere, EiTBrekin elkarlanean zinema komunikazio kulturalerako tresna gisa erabiltzen jarraitzeko asmoa dutela ikus dezakegu. Hala, aurten euskaratutako bigarren lana izango da Boonie Bears: Abentura historiaurrean (2019).