EZAE – Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen kide diren Bilboko Golem eta Multicines 7 aretoek beraien jarduna berreskuratu dute hiru hilabetez ateak itxita izan ostean. ‘Zinema pantaila handian’ izeneko kanpainaren babespean, gainera, sarrerak Internet bidez erosi edo txartelarekin ordaintzen dituzten ikus-entzuleek euro bateko deskontua izango dute.

Hego Euskal Herrian zinema aretoak maiatzaren 25ean irekitzea aurreikusi zuen Espainiako Gobernuak, baina irekiera ekainaren 26an gauzatuko zutela esan zuen Donostiako zinema aretoak ustiatzeaz arduratzen den SADE taldeak. Lehendik ere Getxoko autozinema, Iruñeko autozinema berria edota Durangoko Zugaza edota Gasteizko Florida zein Gorbeiak emana zuten pausoa, eta orain Bilboko Golem eta Multicines 7 antzokien txanda da. 

EZAEren kide diren Bizkaiko bi aretook atzo bertan (uztailak 3) berreskuratu zuten koronabirusaren agerpenaren aurretik zuten martxa. Hiru hilabeteren ostean, gutxinaka berrartuko dute zinema programazioa, izan ere, uztailerako estreinaldi potoloak espero dituzte. Besteak beste, Matteo Garroneren Pinocchio, Christopher Nolanen Tenet edota Niki Carok zuzendutako Mulan pertsonaiaren hezur-haragizko moldaketa. 

Finkatutako babes eta segurtasun-neurriak jarraitu beharko dituzte herritarrek, hala nola musukoen erabilera eta, segurtasun distantzia edota sarrera-irteera ordenatuak. Aretoek beren edukiera ez dute osorik eskainiko, baina ikus-entzuleek, batean zein bestean prezio bereziak ordainduta eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. EZAEk martxan jarritako Zinema pantaila handian kanpainaren baitan, sarrerak Internet bidez erosi edo txartelarekin ordaintzen dituztenek euro bateko deskontua izango dute.