Donostia Zinemaldiak 68. edizioko sail ofiziala osatuko duten filmen aurrerapena iragarri du. Aurretik ere ibilbidea egina duten Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinegileen zein lehen filma aurkeztuko duten Dea Kulumbegashvili eta Takuma Sato zuzendarien lanek osatzen dute lehen zerrenda. 

Woody Allenen Rifkin’s Festival filmak 68. edizioa inauguratuko duela argitu ostean, Zinemaldiak aurtengo sail ofizialean lehiatuko diren sei filmen berri eman du; horietatik bostek Cannesko zigilua daramate. Izen ezagunak eta zuzendari berriak tartekatu dituzte lehen iragarpenean:

Cannesen, Berlinen, Venezian edota Locarnon lehiatutakoa da Sharunas Bartas lituaniarra. Eastern Drift (2010) eta Frosto (2017) filmak zuzendu ostean Zinemaldian In The Dusk lana estreinatuko du, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Lituaniako okupazio sobietarraren aurkako mugimendu partisanoaren borrokari buruzko drama bat. Lanak Cannesko zigilua darama.

Gurean ezaguna dugun Naomi Kawase japoniarrak ere, Donostian erakutsiko du Europan lehen aldiz ikusteko aukera izango dugun Asa Ga Kuru (True Mothers) filma. Bi ama, bata biologikoa eta bestea adopziozkoa, aurrez aurre jarriko dituen mikrokosmos familiarraren esplorazio berri honekin Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaia izango da (lanak Cannesko zigilua darama). Aurreko ekitaldietan, zinegileak Fripresci saria eskuratu du (Vision, 2018) eta Japoniako zinema independente berria 2000-2015 atzera begirako tematikoa eskaini zitzaion 2015ean.

Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren epaimahaiaren saria irabazi zituen François Ozon frantziarrak 2012an Dans la maison  filmagatik, eta oraingoan ere indartsu bueltatuko da Gipuzkoako hiriburura. Cannesko zinema jaialdiko zigilua daraman Éte 85 (Summer of 85) estreinatuko du, nerabeen maitasunei buruzko kontakizun bat, laurogeiko hamarkadarekin nostalgikoa dena.

Azken hamarkadetako Danimarkako zinegile adierazgarrienetarikoa ere, Thomas Vinterberg, Europan estreinaldia izango den Druk (Another Round) filmarekin lehiatuko da. Aurretik zuzendutako Jagtten (2012) lanean bezala, Mads Mikkelsen aktorea izango da protagonista, eta esperimentu bitxi batean murgildutako irakaslea izango da. Lankideekin batera, lanaldian zehar intoxikazio etiliko maila bera mantentzea lortzen badu, buruak zabaldu, eta sormena areagotuko duela uste izango du.

Dea Kulumbegashvili gazte georgiarrak bere film laburrak Cannesko zinema jaialdian aurkeztu ditu sarri, eta Dasatskisi (Beginning) film luzearekin egingo du debuta Donostian. Filmak Jehovaren lekuko batek eta bere familiak talde estremista batengandik zein herri georgiar urrun bateko poliziarengandik jasaten duten jazarpena kontatuko du; Cannesko zigilua darama.

Azkenik, Takuma Sato japoniarraren bigarren film luzea programatuko dute 68. Donostia Zinemaldian. Don ‘t Say That Word! (2014) filmari esker, hainbat sari jaso zituen Tokioko Pia zinema jaialdian eta Busango nazioarteko jaialdian. Bere lan berriak, Nakuko wa ineega (Any Crybabies Around?) izenekoak, gabonzahar-gauean biluzik eta mozkortuta korrika ari zela telebistak grabatu zuen gizon baten bizitzak izango duen aldaketa kontatuko du.