Igor Legarretak Ilargi guztiak / Todas las lunas pelikularen filmaketa-lanak bukatu ditu. Koronabirusaren krisiaren eraginez, osasun larrialdi egoera ezarri bezain laster lan-taldeak bertan behera utzi zuen errodajea martxoan, eta ekainaren 1ean lana berrartu ahal izan zuten aktore eta teknikoek. Guztira, zazpi astez aritu dira Hego Euskal Herriko zenbait txokotan irudiak hartzen.

Zuzendari bilbotarraren bigarren film luzea da Ilargi guztiak / Todas las lunas, euskaraz errodatutako fantasiazko lana. Legarretak adierazi bezala, “argitasunera egindako bidaia epikoa” da, eta Jon Sagalárekin batera idatzi du istorioa. Itziar Ituño zein Josean Bengoetxea dira protagonistak eta Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz aktoreek ere parte hartu dute. Euskal industria zinematografikoan ibilbide luzea duten profesionalek osatu dute talde teknikoa, izan ere, besteak beste, Mikel Serrano arte zuzendaria, Laurent Dufreche muntatzailea, Pascal Gaigne musika konpositorea eta Imanol Nabea argazki zuzendaria izan ditu Legarretak aldamenean. 

Otsailaren 17an ekin zioten Mutrikun lehen irudiak hartzeari, eta lau aste lanean egon ostean COVID-19 pandemiaren krisiak eraginda zeregina atzeratu behar izan zuten. Ekainean sartzearekin batera, baina, lanari berrekin zioten eta segurtasun neurri eta protokoloak zorrotz betez bukatu dute zeregina. Ordurako, pasarte jendetsuenak eta zailenak eginak zituzten eta geldirik egon diren hiru hilabeteetan muntaiarekin aurreratzeko aprobetxatu dute

Filma Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films eta Ilargia Films-ek ekoiztu dute, Noodles Production ekoiztetxe frantziarrarekin elkarlanean. EiTBren eta RTVEren babesa du proiektuak, baita ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere. Filmax etxea arduratuko da banaketaz eta 2021ean estreinatzea aurreikusten dute.