Abian da zinema munduko profesionalen egonaldirako eta ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak programaren izen emate deialdia. Abuztuaren 31ra arteko epea egongo da. 

Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak laguntzeko programa bat da, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatua, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da.

Abuztuaren 31ra arteko epea izango da Euskadiko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako sortzaileen zinema-proiektuak, Nest sailean parte hartutakoak eta EQZEko ikasleenak aurkezteko. Ondoren, horiek guztiak aztertu eta azaroan jakinaraziko dira bost kategoriatan hautatu diren lanak.

Halaber, azaldu dute Donostiako Tabakalera zentroan egin beharreko zortzi asteko egonaldia bitan banatuko dela berriro: proiektua martxan jartzeko sei aste, 2021eko martxoaren 15etik aurrera, eta beste bi asteak Zinemaldian bertan, zuzendariek beraiek proiektua, ordurako garatu samar izango dutenean. Hala, zinema-industriako ordezkarien aurrean aurkezteko aukera izango dute.

Apiriletik irailera bitarteko tartean, aldiz, bere kontura ariko dira lanean zinemagileak, adituen – Sergio Oksman errealizadorea, Eugenia Mumenthaler ekoizlea eta Javier Martín programatzailea- batzordearen aldetik online-tutoretza jasota. Gainera, hautatu diren lanek 5.000 euroko garapenerako laguntza jasoko dute maiatzean.

Nazioartean hautatu eta sarituak

2019ko Ikusmira Berriak proiektuei dagokienez, Diego Céspedesen La misteriosa mirada del flamenco Torino Film Lab-en hautatu dute eta Jessica Sarah Rinlanden Monólogo Colectivo-k Rotterdameko zinema-jaialdiaren Hubert Bals funtsaren laguntza jasoko du.

Nazioarteko zinema-jaialdietan hautatu eta saritu egin dituzte erw aurreko edizioetako proiektuak, esaterako, El agua (Elena López Riera); Pornomelancolía, (Manuel Abramovich), eta Dormen os peixes de olhos abertos (Begiak zabalik egiten dute lo arrainek) (Nele Wohlatz). Donostiako Zinemaldian ere, hainbat sailetan izan dira Ikusmira Berriak egonaldietan garatu diren obrak, tartean, Las letras de Jordi, Maider Fernández Iriarterena; Muga deitzen da pausoa, Maider Oleagarena eta Trote, Xacio Bañorena.

Gainera, azken urteetan Ikusmira Berriak proiektuan parte hartu duten proiektu batzuk 2020an estreinatuko dira: Fantasía (Aitor eta Amaia Merino); Stephanie (Leonardo Van Dijl); Chupacabra (Grigory Kolomytsev) eta Jo ta ke (Aitziber Olaskoaga).

Parte-hartze oinarriak programaren webgune ofizialean topatu ditzakezue, izena emateko formularioarekin batera.