Zuzendaria: Lander Garro
Herrialdea: Euskal Herria
Urtea: 2020
-Gaurko eta atzoko intsumisioaz-
Kutxa batean egon dira urtez gordeak ziegan pasatako bi urte, lau hilabete eta egunaren oroitzapenak. Egun, zerbitzu militarra nahitaezkoa ez denez eta giltzapetzearen agertoki izandako Iruñeko espetxea dagoeneko eraitsia izan zela, kutxa hura ireki du Lander Garrok. Pandorarenak anabasa bazekarren, Garrorenak dokumental samur bezain zorrotza dakarkigu, intsumisioaren eredu ezberdinetan begirada jartzen duena.
Urtero apirilean ospatzen den Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia bertan behera geratu zen aurten osasun larrialdia zela-eta. Alabaina, jaialdiak ohiz-kanpoko erakustaldia programatu zuen pasaden astean hiriko Antzoki Zaharrean, Apaga la luz y verás, Ernest Lluch, libre y atrevido eta Bi urte, lau hilabete eta egun bat filmak aurkezten zituena. Azken dokumental hori erakustaldiaren hirugarren eta azken egunean (ekainak 24an) estreinatu zen, istorioaren protagonistak presente zeudela.
Hogei urte bete berri zituztelarik, erabakia hartu zuten geure protagonistek, sei lagun nafarrek: soldadutzara joateari uko egitea. Arrazoi pertsonalez haratago, hautu politikoa zen hura, ideia tinkoetan errotua eta aldaketa sakonak xede zituena. Haien aldarria espetxeko paretetatik bestalde ozen entzun zedin, hasiera bateko zigorrak inposatzen zuen hirugarren gradua apurtu eta bi urte, lau hilabete eta egun bate eman zituzten Iruñeko espetxean preso. Hogei bat urte geroago, harrotasunez hitz egiten dute oraindik garai hartaz.
Garaian espetxearen hormen bi aldetara gertatutako erresistentzia ekintzen irudietara hurbiltzen gaitu dokumentalak; izan ere, intsumisio mugimenduaren garrantzia kalean jasotzen zuen babesetik zetorren batik bat. Hala, protagonistez hitz egitea zilegi (eta beharrezkoa) bada ere, zuzendariak berak dokumentalaren kutsu korala azpimarratzen du, non sei pertsonaia nagusien ahotsei, beste hainbatenak batzen zaizkie, disidentziaren bide anitzen hariekin jositako amarauna sortuz.
Soldaduskak eta horrek betikotzen zituen guztiak soilik gizonen kontua ez ziren bezalaxe, horren aurkako intsumisio mugimendua ez zen soilik gizonezkoen borroka. Oso modu finean aldentzen da narrazioa hipermaskulinizazioaren eta heroien erretorikatik, emakume intsumisoek betetako paper funtsezkoa argiztatuz. Zorrotza bezain zintzoa dugu gai honen inguruan Garroren begirada, gizonen arteko harreman eredu berriei atea zabalik uzten baitie, aldi berean, garaiko lorpenak gaurko egitekoekin lotzen saiatzen dela.
“Nola pentsatu XXI. mendeko erresistentzia?” galdetzen digu zuzendariaren ahotsak; erantzuna filmak eman digu dagoeneko. Anti-militarismoa, feminismoa, antolaketa, babesa, ekintza… Dokumental hauxe bera dugu, azken finean, geure mendeko erresistentziaren adibideetako bat; intersekzionalitatean sustraiak botaz, intsumisioa ospatu eta berritzen duena.