Fermin Muguruza artista irundarrak zuzendutako Beltza naiz (2018) dokumentala proiektatuko dute gaur Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Saioa 19:00etan izango da, eta kulturguneak udarako prestatu duen Udatea, egarria asetzeko kultur edatea programaren baitan emango dute.

Seigarren urtez, Kortxeak & Krispetak zikloak erreferentzia izan diren musikariei buruzko dokumentalak jasoko ditu gaurtik aurrera Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko Ortuño aretoan, eta Fermin Muguruza musikari eta zinemagilearen lana izango da emango duten lehena. Koronabirusaren krisialdiak eraginda, segurtasun baldintzak bermatzeko neurriak hartuta gauzatuko da proiekzioa, eta antolatzaileek tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dizkiete bertaratutakoei jarduera modu egoki eta seguruan burutu ahal izateko.

Emanaldia doakoa izango da, baina gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira. Horretarako, hiru bide daude: Bibe plataforma bidez, oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita edota telefonotik eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara.

Black is Beltza proiektuaren adar bat da Beltza naiz dokumentala, izan ere, animaziozko filmaren making-of gisa aurkeztu zuen Muguruzak lana. Proiektuaren transmedia garapena erakutsiko du batetik, eta Iruñeko Erraldoien konpartsak New Yorken 1965an eginiko desfilearen istorioa biltzen duen komikia animazio film bihurtzeko prozesua erakutsiko du bestetik. Amaia Jackson gazte afro-euskaldunak du lanak protagonista.