Imanol Rayo zuzendari nafarrak udazkenean estreinatuko du Hil Kanpaiak, 2019ko udazkenean filmatutako fikzioa. Euskara hutsean errodatuta dago, eta Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez izango ditu protagonista.

Rayoren bigarren filma izango da  Hil kanpaiak. Aurretik, Bi anai (2011) aurkeztutakoa da iruindarra; liburu baten egokitzapena izan zen hau ere, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberriarena, hain zuzen,  eta 59. Donostia Zinemaldiko Zinemira sariduna izan zen.

Bada, gertaera dramatiko bat izango da bigarren istorioaren muina: Garizmendi baserrian giza-hezur batzuk agertu dira. Fermin eta Karmen senar-emazteek, zer egin ez dakitela, Nestor semeari deitu diote haien kargu egin dadin. Biharamunean, Fermin ez da ageri, eta Nestor konturatu da hezurrak ere desagertu egin direla. Poliziari jakinarazi, eta Ikerketa Kriminaleko bi inspektore bertaratu dira, Ezpeleta eta Kortazar. Bigarrenak jakin-min handia erakusten du. Baserria miatzen ari direla, hil-kanpaiak hasiko dira auzoko baselizan.

Joanes Urkixok Miren Gorrotxategiren ‘33 EZKIL’ eleberrian oinarrituta idatzi duen istorioa eramango du pantaila handira Rayok, Eneko SagardoyItziar Ituño,  Josean Bengoetxea, Kandido Uranga, Itsaso AranaYon GonzalezAsier Hernandez eta Iñigo Aranburu aktoreen lanaz apainduta. ABRA PROD ekoiztetxea arduratu da ekoizpenaz, EITBren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Euskal Herriko banaketa, aldiz, Barton Films etxearen esku egongo da.

Rayok azaldutakoaren arabera, “Filmak izaera gogorreko unibertso bisuala du. Hori lortu ahal izateko ezinbestekoak izan dira kontrasteak: baserriak ematen duen giro hezea, Nafarroako iparraldetik Gipuzkoako ekialdera bidean dauen basoak, eta Bidasoako arroan dauden herri handietako herriguneak ere”. Izan ere, filma thriller eta genero beltzaren bidetik joango dela iragarri du zuzendariak, tragedia kutsu nabariarekin.